Gaur eguerdian Getariako Udala Iribar kaleko Menditxo eraikineko bizilagunekin bildu da, eta jakinarazi die maiatza hasieratik etxetik kanpo dauden 12 familiek ezingo dutela beren etxeetara itzuli labarrean konponketa lanak egin eta hori indartu bitartean. Maiatzaren 5ean etxebizitzen pareko 20 metro petril eta labar zati handi bat erori egin ziren, eta ondorioz haitza babesten duen sarea ere apurtu egin zen. Eraikinak «kalte zuzenik» izan ez bazuen ere, 9. eta 11. eskaratzetako auzotarrek beren etxeak utzi behar izan zituzten. Ikerlur Ingieneritza Estudioak labarraren egoera aztertu du, eta arazoari behin betiko konponbidea emateko proiektua aurkeztu du.
Azterketak "emaitza onak eman duen arren", Nika Lertxundi alkateak jakinarazi du erosioak aurrera jarrai dezakeela. Beraz, Getariako Udalaren lehentasuna etxeok konpontzea izango da. Eta horretarako finantzazioa lortzea izango da hurrengo urratsa; hainbat erakunderekin bilduko da udala datozen asteetan, egoerari konponbidea emateko. "Lanak hasi eta hiru hilabetera bizilagunek beren etxeetara itzultzeko aukera izango lukete. Beraz, udalaren nahia lanak lehenbailehen hasi eta normaltasunera itzultzea da".
Aurkeztutako proiektuak hiru fase ditu, eta hasiera batean proiektu osoak milioi bat euroko aurrekontua izango luke. Dena dela, lehen eta bigarren faseekin "bizilagunen segurtasuna bermatuko" litzateke, eta horrek milioi erdiko aurrekontua du.
Udalak eta Ikerlur Ingenieritza Estudioak emandako azalpenekin konforme agertu dira bizilagunak, eta udalak erakutsitako jarrera eskertu dute. Nika Lertxundi alkateak ere bizilagunek uneoro erakutsi duten jarrera positiboa nabarmendu du.
http://youtu.be/Tto9uEEWuyQ