Bailarako Bilduko hautetsiak, atzoko agerraldian
(Ane Olaizola)
Urola Erdian Bilduk alkatetza duten udalek euskal preso politikoen eskubideen aldeko zenbait konpromiso hartu dituzte, sakabanaketak eta neurri horrek dakartzan «eskubide urraketak berehala amaitu» daitezen aldarrikatzeko. Azkoitia, Azpeitia, Aizarnazabal, Errezil eta Zestoako udalek modu bateratuan adostu dituzte emango dituzten urratsak, Madrileko eta Parisko gobernuek hartu duten «blokeo jarrerari» aurre egiteko asmoz. Bailarako Bilduko alkate eta zinegotziek atzo egin zuten agerraldian jakinarazi zuten herri horietan dauden presoen egoerari buruzko dosierra osatuko duela dagokion udalak hilabeteko epean, eta sei hilabetero berritu egingo dutela. Ondoren, txosten horiek guztiak Espetxe Erakundeari, Espainiako Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaileari, Justizia Mininisterioei eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Batzordeari igorriko diete, han jasotzen diren «eskubide urraketak» saihesteko eskatuz.
Horrez gain, herriko presoekin bisita erronda ofizialak hasiko dituzte Bilduko ordezkariek, eta hiru hilabetero senideekin bilerak egingo dituzte, «egoeraren berri zuzena» izan dezaten. Preso gaixoek, berriz, alkateen taldean «parte aktiboa» izango dira euskal herriratu bitartean. Halaber, Euskal Herritik kanpo dauden presoei bisitatzeko diru-laguntzak emateko araudia onartzeko asmoa dute udalek. Gainera, udal erabakien berri emango diete presoei, eta argitaratutako materialen ale bana bidaliko dizkie aurrerantzean.
Etxerat eta Herrira elkarteei udal lokalak uztea ere adostu dute, bilerak eta bestelako lanak han egin ahal ditzaten. Koalizioko udal ordezkariei dagokienez, berriz, Herrirak hileko azken ostiraletarako deitzen dituen elkarretaratzeetan «modu ofizialean» parte hartuko dutela agindu zuten, eta udaleko ordezkari gisa egoten diren ekitaldi guztietan presoen eskubideen defentsa adierazten duten txartela eramatea erabaki dute.
Aurrerapausorik ez
Agerraldian azpimarratu zutenez, «sakabanaketarekin amaitzea», «giza eskubide guztien aitortza», «gatazka konpontzea» eta «bakea eraikitzea» dira koalizioaren lehentasunak. Hain zuzen, aldarrikapen horiek «euskal gizartearenak» ere badirela uste dute. Izan ere, gogoratu zuten joan zen urtarrilaren 12an «euskal presoen eskubideen alde inoiz egin den manifestaziorik jendetsuena» egin zela, eta «haren leloak euskal gehiengo politiko eta sozialaren eskakizuna laburbiltzen du». Honako lema izan zuen manifestazioak: Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea. Euskal presoak Euskal Herrira.
«Zenbait arlotan aurrerapausoak eman badira ere, asko dago egiteko normalizazio arloan, elkarbizitzan edota biktima guztien aitorpenean. Baina arlo bakarra dago inolako aurrerapausorik eman ez dena, presoen eskubideena, hain zuzen. Jarrerarik inmobilistena hortxe ari gara ikusten», adierazi zuen Azkoitiko alkate Pello Bastarrikak. Horien iritziz, presoen eskubideak betetzen ez diren bitartean prozesuak aurrera egiteko «zama jasaezina» izango du. Hala, «eskubide urraketekin» berehala amaitzea «ezinbestekoa» dela zioten.