Urola Kostako Udal Elkartearen helburu nagusia kostako herrien garapen sozioekonomikoa sustatzea da. «Enpresak sortzen dituzten pertsonak ekintzaileak dira, aktiboak, dinamikoak eta borrokalariak. Ekintzailetasuna bizitzarekiko jarrera baikorra den heinean, garrantzitsua da gure eskualdeak jarrera ekintzaile eta dinamikoa faktore kutural gisa barneratzea», dio udal elkarteak. Ildo horretatik antolatu du aurten ere Urola Kostan Ekin! enpresa ideien VI. lehiaketa. Ostiralean banatu zituzten sariak, eta ikasleen enpresa ideiak, enpresa berrien edota eratu berrien egitasmoak eta ohorezko aipamena ezagutzera eman zituzten. Oteitza Lizeo Politeknikoari egin diote aipamen berezia, «hezkuntza eta lanerako prestakuntzaren eskaintza eskualdeko enpresen beharretara egokitzeagatik, teknologia berriak enpresetara hurbiltzeagatik, ekintzailetasuna sustatzeagatik, eta enpresa berriak sortzen lan eskerga egiteagatik».
Berrikuntza gisa, aurten laugarren atal bat sortu dute, barne ekintzailetasuna edo eskualdeko enpresa egitasmo berriei dagokiena.
34 egitasmo
Udal elkartetik jakinarazi dute aurtengo lehiaketa «arrakastatsua» izan dela; izan ere aurreko urteetan baino egitasmo gehiago aurkeztu dituzte. Guztira, 34 izan dira: eskualdeko ikastetxeetako (Oteitza Lizeo Politeknikoa eta IES Monte Albertia BHI) zortzi enpresa ideia, 20 enpresa egitasmo, eta barne ekintzailetasunari lotutako sei. Bost finalisten artean, Mirotza egitasmoa saritu zuen epaimahaiak ikasleen enpresa ideien atalean. Hargailu erlojua aurkeztu zuten Ane Garmendia, Aritz Makazaga, Egoitz Esnaola eta Alaine Iribarrek (hau ez zen sari banaketan izan), soinean daramaten pertsonaren datuak jasotzeko aukera ematen duena. Tablet bana, diploma eta garaikurra jaso zuen bakoitzak.
Desturis proiektuaren diseinatzaileek, Jesus Maria Merino eta Esther Garciak, jaso zuten enpresa egitasmoei dagokion lehenbiziko saria: egitasmo hori garatzeko 2.000 euro, diploma eta garaikurra. Turismo alorreko enpresentzat zerbitzu berritzailea proposatu zuten horiek, hotel bilatzailea eta aholkularitza eskaintzen duena. Amaia Argotek eta Imanol Ibargurenek platera magnetikoari egokitzeko aplikazioak aurkeztu zituzten enpresa egitasmo berrien atalera, eta baita irabazi ere. Horiek ere 2.000 euro, diploma eta garaikurra eskuratu zituzten.
Sariak banatuta, udal elkarteko lehendakariorde Jabier Etxaburuk ideiok garatzen jarraitzera animatu zituen; «ekarpen aberatsak» egiten eta etorkizuna garatzen segitzera.