Mundumob dantza entsegatuko dute ostiralean, Zarauzko Zinema frontoian

Urola Kostako Hitza 2013ko ekainaren 3a

Ekainaren 8an, larunbatean egingo dute Mundumoba, Eman hartu nahi duzun mundua lelopean. Parte-hartzaileak bulebarrean elkartuko dira. Aurrez entseguak egingo dituzte Zarautzen.  7an ostiralean Zinema frontoian, arratsaldeko 18:00etan elkartuko dira entsegatzeko. Egunean bertan ere entsegatuko dute, Donostian. Zarauzko Zero Zaborren idatzia:

Eman hartu nahi duzun mundua. Donostian Ekainaren 8an arratsaldeko 6etan.

Maiatzaren 4an Orendainen, Gipuzkoako lehenengo zero zabor herrian, hasi zen Gipuzkoa Zero Zabor eta herrietako Zero Zabor taldeek elkarlanean antolatutako Mundumob ekimena. Ekimenaren bidez, hondakinen kudeaketan ere oinarri izan beharko lukeen printzipioa aldarrikatzen ari gara. Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu hurrengo belaunaldiei mundua jaso dugun aukera berdinekin uzteko betebeharra. “Eman hartu nahi duzun mundua” leloan laburtu dugu ideia. Herriz herri eskuetatik eskutara dabilen mundubolak irudikatzen du mezua.

 

Herriz herri lau astetako ibilbidea egin du dagoeneko, aldarrikatzen dugun etorkizun baikor eta itxaropentsu hori giro alaian irudikatuz. Ekimen honen bidez, Gipuzkoarrak batzen gaituzten ideiak indartu nahi izan ditugu, liskarrak eta zatiketak alde batera utziz, hondakinen kudeaketa ezegokiaren arazoari irtenbide eraginkorra elkarrekin eraikitzeko dei eginez.

Larunbata arratsaldean, 6etan Donostiako bulebarrean egingo da ekimenari bukaera emango dion ekitaldia. Ekitaldi arin eta entretenigarria egingo dugu. Guztiok izango dugu lekua bertan, dantzatuko ez dutenak eta dantzatuko dutenak. Oraindik koreografia jakin ez eta ikasi nahi duenarentzat entseguak izango dira ekitaldia hasi aurretik.

Animatu guztiok eta azaldu Donostiako zitara. Guztion artean mundu hobeago bat daukagu eraikitzeko.

Zarautz Zero Zabor

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide