Ostegunean
Next stop: Greenland dokumentala emango dute Salatxo aretoan, 19:00etatik aurrera. Ikus-entzunekoak lehen saria irabazi zuen aurtengo BCN Sports Films Festival Jaialdian, abentura-filmen atalean, eta Joseba Brit (Orio, 1984) oriotarrak sortu du soinu banda. Egun Amerikako Estatu Batuetako Portland hirian bizi da, eta bertatik erantzun ditu Hitzaren galderak.
Zer ikusteko aukera izango dute oriotarrek Next stop: Greenland dokumentalean?
Espedizio batean murgiltzen diren pertsonek dituzten sentimenduak dira dokumentaleko protagonista. Paraje politak ikusten dira, arima lasaigarriak, eta elkarrizketa oso interesgarriak eta sentikorrak, bata bestearen atzetik. Argi ikusten da abenturazale hauek ez direla super-gizonak. Zailtasunen aurrean dituzten jarrerak eta azaltzen dituzten motibazioak biluzik ageri dira.
Nola sortu zitzaizun dokumentalaren soinu banda egiteko aukera?
Gariza Produkzioak-entzat egiten dudan hirugarren lana da. Lehen laburmetraiari musika jarri nion, eta bigarrenaren soinua diseinatu. Lagun batek aurkeztu zidan zuzendaria, eta hasieratik azaldu nion berarekin lan egiteko gogoa. Dena dela, maila honetako soinu banda egiten dudan lehen aldia izan da, aurrekoak ez ziren hain proiektu handiak.
Zer zailtasun izan zenituen?
Denbora izan ohi da proiektu denetan zailtasun handiena. Irudiak editatuta eta montatuta jaso aurretik hasi behar izan nuen musika konposatzen eta grabatzen, bestela ez baikenuen zehaztutako egunerako amaituko dokumentala. Eszena gutxi batzuk transmititu zidatena musikatzen saiatu nintzen, baina, noski, musikak irudiarekin bat etorri behar du gero, eta hori ondo lotzea ez da lan samurra. Tenpo-ak asko markatzen du abesti baten izaera, eta eszena berean xehetasun pare bat koordinatu nahi baditut, gorriak ikusten ditut zenbaitetan; esaldi musikalarekin ezkondu nahi baldin badut, batik bat.
Zer hartu zenuen kontuan sortze prozesuan?
Garrantzitsuena zuzendariak buruan duena garbi edukitzea izaten da, berak irudiekin esan nahi duena indartu behar baitut nik musikarekin. Hasierako elkarrizketak eta email trukeek guztiz markatzen dute proiektuaren izaera, eta ez da ematen duen bezain erraza ulermen hortara iristea; ez dira zenbaki zehatzak, gauza oso subjetiboak dira. Hortik aurrera hasten naiz pentsatzen zein musika-tresna, zein tonalitate eta zein efektu erabiliko ditudan.
Zein musika tresna erabili dituzu soinu banda sortzeko?
Orokorrean gitarra eta pianoa erabili ditut konposaketarako. Piano elektrikoarekin midi bitartez instrumentu asko erabil ditzaket, eta horrek aukera asko eskaintzen ditu. Zoritxarrez, Portlandera etorri eta gero hasi nintzen grabaketarekin, eta anaiaren etxean utzi nituen instrumentuak faltan eman ditut. Ordenagailuarekin emulatu behar izan ditut harmoniuma, biolinak, perkusioak, xilofonoak, sintetizadoreak eta beste hainbat. Erabili dudan musika tresna kuriosoena freenotes izeneko metalofono berezi bat izan da, Coloradoko artisau batek egina. Bestetik, dokumentaleko azken kanta ahots bikaineko neska batek abesten du. Diskoa grabatu diot.
Musika arloan proiektu berririk ba al duzu esku artean?
Gariza Produkzioak etxearentzat beste lan bat egiteari ekingo diot hilabete barru, lehenago ez bada. Melodiarik gabeko musika izango da, eta borroka zaila izango da hori niretzat, Andoni Lertxundik «beti melodia» esaten zidan eta. Bestalde, hemen Portlanden musika ekoizle bat ezagutu nuen orain dela hilabete pare bat. Harekin eta beste lau musikarirekin abesti batzuk prestatzen hasia naiz, eta ikusiko dugu zer ateratzen den.