Adela Eguna antolatu dute iganderako, Zarauzko Lege Zaharren Enparantzan. Helburua ELA Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duten gaixoen Gipuzkoako elkarteari laguntzea izango da. Krisia dela-eta, murrizketak izan dira erreabilitazio zerbitzuetan; logopeda zerbitzua kendu diete, esaterako. Irabaziak gaixoei eta haien senitartekoei bideratuko zaizkie, “gaixotasun latz honen ondorioak ahalik eta gehien arintzeko”. Era berean, gaixotasuna bera eta horrek dakartzan arazoa ezagutaraztea izango da asmoa. Lehenbiziko aldia da halako ekitaldi solidarioa antolatzen dutena, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. “Bizitzari minutuak gehitu ezin dizkiogunez, ea jai honen bidez minutuei bizia ematea lortzen dugun”.
Egitarau luzea antolatu dute elkarteko kideek, goizetik hasi eta iluntzera arte. Hona hemen ekimenen zerrenda:
- 10:00. Suziriak egunaren hasiera iragartzeko.
- 10:10. Txisturari eta trikitilariak.
- 10:30. Aisialdi gunearen irekiera.
- 11:00. Toka lehiaketa.
- 12:00. Harrijasotzaileak. Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a, Hodei Iruretagoiena Izeta IV. a eta Jakes Izeta V.ak hartuko dute parte.
- 13:00. Zarauzko abesbatzaren emanaldia. Omenaldia. 300 bat pertsonentzako paella prestaketaren hasiera.
- 13:30. Kantaldia, Musikalis abesbatzaren eskutik.
- 14:30. Herri bazkaria. - 17:00. Erromeria musika taldea.
- 18:00. Kantaldia, Musikalis abesbatzaren eskutik.
- 19:30. Unax Nogaren kontzertua.
- 20:00. Jaialdiaren amaiera.
Horrez gain, tonbola egingo dute. Egunean zehar salduko dituzte txartelak, euro batean, eta besteak beste, Hodei Collazo eta Aritz Aranburu surflarien taula bana; Kapaxko anaien— Mikel, David eta Alberto Agirrezabalaga—, Maialen Mugika, Libe Altuna eta Alba Menendez eskubaloi jokalarien elastikoak eta Laura Gomez futbolariarena zozkatuko dituzte.
Ekitaldia babestu duten guztiei eskerrak eman dizkiete elkartetik, besteak beste, Orioko Arraunketa Elkarteari; Collazo eta Aranburu surflariei; Ainhoa Murua eta Jon Unanue triatloilariei; Maialen Mugika, Libe Altuna, Alba Menendez eta Mikel, David eta Alberto eskubaloi jokalariei; Laura Gomez eta Dani Estrada futbolariari; Jose A. Iribar futbolari ohiari eta Iratxe Aranburu korrikalariari .
Guztion laguntza ezinbestekoa
ELA gaixotasuna ezezaguna da herritar askorentzat. Nerbio sistemaren endekapen gaitz bat da, progresiboa eta jatorri ezagunik ez duena. «Burmuinetik giharretara aginduak bildatzen dituzten neuronek lana egiteari uzten diote. Denborarekin, giharren funtzioak pixkanaka geratzen joaten dira, eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoa duen gaixoa paralizatuta geratzen da», diote elkarteko kideek. Egoera horrek gaixotasuna aurrera doan heinean gainontzekoekin komunikatzea eragozten die ELA duten gaixoei, eta «oso gogorra» izaten da.
Horretaz gain, liseriketa eta arnasketa sistemei eta hitz egiteko gaitasunari ere eragiten dio. Eritasunaren tratamendu eraginkorrik ez dute aurkitu oraindik, eta boluntarioz osatutako Adela elkarteak gaixoen eta horien zaintzaileen bizitza kalitatea bermatzeko lana egiten dihardu. «Gaixoen bizitzari ezin diegu minutu gehiago eman, baina minutuei bizitza ematen saiatzen gara».
Adela elkarteak, ELA dutenen beharrak asetzeko, gaixotasunean zehar laguntzen diete, alde batetik. Eta bestetik, errehabilitazio zerbitzua eskaintzen die, eta eritasunaren ondorio psikologiko larriei aurre egiten laguntzen die. Zerbitzu horiek zentru espezializatuetan eskaintzen dituzte, eta gaixoak horietara bertaratu ezin duenean, etxean bertan eskaintzen diote tratamendua. Gainera, familiartekoentzako elkargune garrantzitsua da, beharrezko duten laguntza eta babesa aurkitzen baitute elkartean.
Hala ere, gaixoek “guztion” laguntza behar dute, gizartea kontzientziatu behar da gaitzaren inguruan. Ildo horretatik, babes ekimenetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.