Patana Fest musika jaialdia egingo dute larunbatean

Aritz Mutiozabal 2013ko ekainaren 3a

Wilhelm and the Dancing Animals «Patana zestoarrek bakarrik esaten dugun hitz bat da. Ahateari patana deitzen diogu Zestoan,  hain zuzen ere. Herriari erreferentzia egiten zion izen bat nahi genuen eta horregatik jarri genion Patana Fest». Fabio de las Morenasen eta Grises taldeko Alejo Orbegozoren eta Eñaut Gaztañagaren ekimenez sortu zen musika jaialdia. «Beti komentatzen genu­en Grises taldearekin etxetik kanpo jotzen genuen jaialdi asko herri txikitan izaten zirela, eta egundoko giroa izaten zela. Alde horretatik, Zestoan halako zerbait egitea ongi egongo litzatekeela hitz egiten aritu gara pare bat urtez», azaldu du Gaztañagak. Aurten, ordea, animatu egin dira, eta urte hasieran gaiari adarretatik heldu ondoren, larunbatean halako jaialdi handi bat etxean gozatu ahal dute. Taldeak lortzeko orduan, gertukoengana jo dutela onartu du antolatzaileak: «Talde ugariri deitu genion, baina gauza bategatik edo besteagatik ezin izan dute. Hori horrela, eskualdeko taldeekin kontatu dugu, pare bat salbu (Belako eta Wilhelm and the Dancing Animals), bai estudiotik pasa den jendea bai ezagutzen genituenak». Jaialdiak duen balio erantsia, nolabait esateko, Lin Ton Taun taldearen itzulerako lehen kontzertua litzateke. «Egia esan, ikusmina sortu da. Jendeak badu haiek zuzenean ikusteko gogoa. Herrian berriz gogo biziak daude, behintzat». Denetariko taldeak Grises taldeak, bere aldetik, No se alarme señora, soy soviético disko berriarekin etxean joko duen lehen emanaldia izango du. Grisesekin diskoetxea partekatzen duen Wilhelm and the Dancing Animals talde nafarrak ibilbide arrakastatsua urratzen ari dira, eta hauek ere bertan izango dira Bestalde, Gaztea irratiko maketa lehiaketak isla berezia izango du jaialdian. Iazko eta aurtengo irabazleekin batera –hau da, Belako mungiarrekin eta Skasti zarauztarrekin batera–, finalerdietarako sailkatu diren Malder zestoarrek eta Kasik azkoitiar-azpeitiarrek osatuko dute kartela. Azkenean, egitarau «potentea, baina alternatibo samarra» osatu dutela dio Gaztañagak: «Ez dira ohiko taldeak. Alternatibo ukitua duten taldeak, baina, era berean, jendea mugituko zutenak. Oro har, denetariko musika estiloak daude». Kontzertuak Gurutzeaga frontoi zaharrean atonduko duten estalitako karpan izango dira, 18:00etatik aurrera. Herri osoarentzat Jaialdia herrira zabaldu eta egun osoko festa antolatu nahi izan dute. Hori horrela, triki-poteoa egingo dute eguerdian eta herri bazkaria, ondoren. Bazkaria plazako arkupetan izango da eta sarrera guztiak jada agortuta daude; izan ere, 220 lagunentzako mugatu dute. Era berean, plazan artisau azoka egingo dute, 11:00­etatik 18:00ak bitartean, eta dozena bat lagunek postua jarriko dute, gehiena zestoarrek. «Kontzertuetara joango ez direnak ere goza dezaten, azken finean». Patana Festek ez du pasadisozko jaialdia izan nahi. Datozen urtetan ere antolatu nahiko lukete. «Gure asmoa urteroko ekitaldi bat izatea da, Edonola ere, ikusi egin behar da zer moduz funtzionatzen duen. Sekulako zuloa eginez gero, ezinezko izango litzateke. Lehen urte izanik, ez dakigu oso ongi emango ditugu pausoak egokiak izan diren ala ez. Dena dela, itxaropentsu gaude, sarrerak martxa onean saltzen ari baitira». Sarrerak 15 eurotan eros daitezke aurretik, ostirala bitartean, eskualdeko hainbat tokitan: Azkoitian, Atraskua tabernan; Azpeitian, Sanagustin kulturgunean; Getarian, Itsaspe taberna; Zarautzean, Eguzki eta Marmol tabernetan; Zestoan, Uztapide tabernan; eta Zumaian, Kabi tabernan. Egunean bertan, leihatilan, 18 eurotan jarriko dituzte salgai.   Ekainak 8, larunbata 11:00etatik 18:00etara. Artisau azoka, herriko plazan. Hamabi postu. 12:00. Triki poteoa, herriko kaleetan zehar. 14:00. Herri bazkaria, plazako arkupetan. 18:00etatik aurrera. Patana Fest musika jaialdia, Gurutzeaga frontoian. 18:00. Malder. 19:00. Kasik. 20:00. Wilhelm and the Dancing Animals. 21:30. Skasti. 22:30. Grises. 23:45. Lin Ton Taun. 01:30. Belako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide