Done Jakueko parkeko jolasak 961 haurren artean aukeratu dituzte

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 31

Done Jakue kaleko haur parkerako haur eta gaztetxoek aukeratu dituzten jolasak. Done Jakue kaleko (pilotalekuko) haur parkeak izango dituen jolas eta joku berriak aukeratu dituzte. Herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 961 haur eta gaztetxok hartu dute parte jolasen aukeraketan. Udalak jolasekin osatutako bi aukera ( A eta B) eman zizkien ikasleei eta B aukerak (argazkian) jaso ditu boto gehien, 522 boto hain zuzen ere; A aukerak 439 boto izan ditu. Azpeitiko Udalak parte hartzearen kultura sustatu nahi du herritarrengan, eta Alde Zaharra biziberritzeko proiektuaren baitan horretarako aukera baliatu du Udalak, hala herriko haur eta gaztetxoen parte hartzea bultzatu du parkea eraberritzeko orduan. Kale horretako parkea 6 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat izatea erabaki dute, "gaur egun dagoen hutsunea estaltzeko" eta adin tarte horretako haurrek hartu dute parte jolasak aukeratzerakoan ere. Prozesuak izandako emaitzarekin eta haur eta gaztetxoek izandako parte hartzearekin "oso gustura" azaldu da udala, "beste ekarpen batzuk ere egin dituzte haur eta gazteek eta hoiek ere kontutan hartuko ditugu". Haur parkea eraberritzeak 72.000 euroko aurrekontua izango du eta sei jolasek osatuko dute (irudian ikusten da). Parke eraberrituak errepide aldera bakarrik izango du hesia, gainera luzeagoa izango da albergatik Frontoi Txikira artekoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide