Zarauzko EH Bilduk "begi onez" ikusi du mugikortasun politiketan emandako aldaketa

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 31

Zarauzko EHBilduko kideek "begi oso onez" ikusi dute mugikortasun politiketan eman den aldaketa.  Haien arabera, hainbat puntu ditu balorean jartzeko urrats horrek:

  1. Oinezko eta bizikletei lehentasuna ematea eta horretarako beharrezko bitartekoak jartzea. Uste dugu, herri barruko mugimenduetarako, oinezkoek eta bizikletek izan behar dutela garraiobide garrantzitsuenak, eta garraio publikoak oinezko eta bizikleta erabiltzaileen hutsuneak estaltzeko funtzioa izango du. Herriko urbanoan eman diren aldaketak testuinguru horretan kokatzen dira, bai eta, etorkizunean bidegorri sarearen zabalkundean emango direnak ere.

  2. Herri barruko auto pribatuaren mugimendua gutxitzea oso erabaki garrantzitsua da. Herri barruko mugimendua, ematen denean, oinez, bizikletan edo garraio publikoan eman behar da, beti ere, egoera larrian daudenen mugikortasuna mugatu gabe. Eta iruditzen zaigu, aldaketa berri honek, mugikortasun urrikoen arazoak konponduko dituela, eta, merkatarientzat ere, errotazio handiko eremuetan, abantailak ekarriko ditu, 15 minutuz doan aparkatzeko modua eskainiko duelako.

  3. Berme bat eskainiko. Auto pribatuaren gaira itzulita, aldaketa honen helburu garrantzitsuenetako bat herritarroi aparkatzeko aukera bermatzeko neurriak hartzea da. Neurri honetan, argi eta garbi utzi nahi dugu, muga efektuak desagertuta, eta auzoen arteko oreka bat ezarriz, herritar bakoitzak bere auzoan, bere etxebizitzatik gertu aparka dezan bermatzeko modua aurkitu nahi dela horrela.

  4. Kultura aldaketa bat suposatzen du azken batean. Hierarkia bat ezartzen da, kalea eta espazio publikoak oinezkoentzat dira, pertsonentzat, eta ez autoentzat. Kultura aldaketa horrek, haur eta adinekoentzat eremu seguruagoak sortzea ekarriko du eta bizikidetza eta aisialdia erosoagoa izatea.

  5. Bizi kalitatean aurrerapauso sakona izango da. Segurtasunagatik bezala, ingurumenean ere kalte ekologiko txikiagoa sortuko dugulako eta herria ere beste modu batera bizitzeko modua eskainiko digulako: oinezkoaren begietatik, kerik gabe, espazio publikoak berreskuratuz jendartearekin konpartitzeko.

  6. Epe motzean arazoak sortu daitezke, aldaketa orok dakartzalako arazoak berarekin. Horiek berraztertu eta konpontzeko konpromisoa hartu dugu koalizio hau osatzen dugun alderdiok, uda ostean ebaluatu egingo baita udako fasea nola joan den, baina erabaki hau epe ertain eta luzera begira hartu da, kultura aldaketa bat sustatzea baitu helburu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide