Arkupe Orioko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak erakusketa antolatu du elkarteko kideen erakusleihoetan zehar ekainaren 30era bitartean. Munduko zapatak, aitzinakoak eta gaur egungoak, Jaime Laita maisuak mache paperez eginak izango dira ikusgai bertan.
80 zapatez osatutako erakusketa izango da eta horien bidez zapatek k.a. 3.000 urte inguruan sortu zirenetik gaur eguneraino izan duten eboluzioa ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.
Historiaren errepasoa
Arkupe Elkartetik jakinarazi dutenez, erakusketan mundu osoko zapatak ikus daitezke. «Oinetakoek eragin handia izan dute kulturan eta gizarte arauetan. Horregatik, gizartearen historiari erreparatzeko modu berezi bat eskaintzen dute». Erakusketak biltzen dituen modeloak benetako eskalan, paperez eginak daude.
Historian zehar era askotako zapatak erabili izan dira eta tokian tokiko ezaugarri, baldintza eta kulturarekin guztiz erlazionatuta dago horien itxura. «Oso-oso aspaldikoa da oinetakoen erabilera. Hasiera batean ondu gabeko larruz egiten zituzten oinetakoak eta oinari uhal batzuen bidez lotzen zituzten; pixkanaka moldatzen joan ziren: kanpai erako bota, takoidun zapatak, oinetako lazodunak, trabilladunak, motzak, luzeak eta beste hainbat motatakoak» azaldu dute Arkupetik.