Zortzigarren greba deialdia izanagatik ez du indarra galdu. Areago, «azken grebak bezain arrakastatsua» izan da lanuztea, ELAko eskualdeko ordezkari Zigor Gazpioren eta LABeko Aitzol Aristorenaren arabera. «%100ekoa ez dakit, baina ia erabatekoa», izan zen jarraipena haien aburuz. Arrakastak arrakasta, «kaleak betetzen jarraitu behar dugu», gehitu du Gazpiok lehen balorazioa egiterakoa. Eta eragile sozialekin eta herritarrekin aurrera eraman beharreko prozesua nabarmendu du; Eskubide Sozialen Gutuna, alegia. Lan eskubideak eta justizia soziala oinarri hartzen dituen Euskal Herria aldarrikatzeko tresna izatea da helburua, «bestelako eredu sozioekonomiko» baten oinarriak jasotzen dituena.
Horren harira, larunbatean batzar bat egin zutela jakinarazi du Aristorenak, eta aurreratzean beste hiru egitekoak direla nabarmendu. Aurrerantzean, gainera, mobilizazio gehiago ere egingo dituztela aurreratu du, sektoreka, uztailaren 7an hitzarmen kolektiboak sinatzeko epea amaituko baita.
Eskualdean, bai kostan bai Urola bailaran jarraipen handia izan du grebak, industrian, irakaskuntzan, udal administrazioan eta merkataritzan. Merkataritzari dagokionean, Zarauzko Maxi Eroski saltoki handia izan ezik, «eta okindegiren bat», itxita daude dendak. Eskolei dagokienean, Zarauzko Oteiza baino ez dute ireki, sindikatuen arabera. Goizeko mobilizazioak ere jendetsuak izan dira, eta indartsuak.
Sindikatuen balorazioarekin ez du bat egin, ordea, Jaurlaritzak. EAEko gobernuaren arabera, «normaltasuna» da nagusi, eta sektore publikoan %20eko jarraipena baino ez du grebak. Confebask euskal enpresarien konfederazioak esan du greba orokorrak "beste behin porrot" egin duela. Bere datuen arabera, grebaren eragina % 30ekoa izan da Gipuzkoan eta % 10 baino gutxiagokoa Bizkaian eta Araban.
Batasun sindikalik ez
Greba deialdia gehiengo sindikalak egin dute, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuek eta 60 bat gizarte taldek, zehazki, baina CCOO eta UGT sindikatuek ez dute bat egin ekimenarekin. Hala, bi sindikatu horiek indarra duten enpresa batzuetan lana egin dute eskualdean. Zumaiako GKN eta Azpeitiko Sidenor aipatu ditu ELAko Zigor Gazpiok. «Salbuespena izan dira. Eskualdeko enpresa handi guztietan eragina izan baitu grebak». Grebaren helburu nagusia Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan erabakitako murrizketen eta lan baldintzen okertzearen kontra protesta egitea da. Eta horren bidetik, Euskal Herriarentzat eredu sozioekonomiko propioa eskatzea. Euskal sindikatuen arabera, «aldaketa sozialak aldaketa politikoen bidetik etorriko dira». Horregatik du garrantzia Euskal Herriarentzat eredu propioa aldarrikatzeak.