Jarraipen handia ari da izaten greba Urola Kostan

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 30a

Goizean goiz ibili dira piketeak Urola Kostako herri gehienetan, kartelak itsasten, herritarrak greba egitera deituz. Azkoitian komertzioetan, enpresetan eta banketxeen sukurtsaletan erantsi dituzte, Zarautzen Maxi Eroski saltoki handiaren atean jarri dira, zabal dezaten eragozteko, ertzainen zaintzapean. Auto karabanak eta ibili dira kalez kale. Azpeitian, Getarian, Zarautzen eta Zumaian manifestazioa egin dute dozenaka herritarrek. Euskal Herriarentzat eredu propioa aldarrikatu dute, eta gizarte eta lan eskubide duinak. Azpeitian, gainera, hainbat herritarrek akanpada egin dute plazan; bertan igaro dute gaua. Orioko Santio industriagunea hutsik dago, baina Ubegunen zenbait enpresatan lanean ari dira. Autoan daude aparkatuta pabilioien kanpokaldean. Oro har jarraipen handia ari da izaten greba orokorra. Herri gehienetan komertzioak, kafetegiak eta banketxeen sukurtsalak itxita daude. Aian, ordea, udaletxea, kultur etxea eta kafetegiak irekita daude. Azkoitian, bestetik, jarraipen zabala ari da izaten greba, baina azkenengo grebetan baino saltoki gehiago daude irekita; Maxi Eroski, Dia eta herriko hainbat kafetegik ateak zabaldu dituzte gaur. Industriari dagokionez, gehienak daude itxita, salbuespenak salbuespen; hala nola, Ibarmia, Xubi, Gurelan edota Sidenor enpresetan lanean ari dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide