Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aizarnazabalgo Udaleko Ingurumen Batzordeak eta Bio Urkizuk elkarlanean, Jan Sano eta Bizi Pozik azoka antolatu dute larunbaterako. 10:00etan hasi eta arratsaldera bitartean hainbat ekitaldi izango da herrian, azoka postuez gainera.
Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo ingurumen zinegotziak azaldu duenez, azoka aurten bigarren aldiz antolatu dute, batetik iazkoak arrakasta izan zuelako, eta bestetik, baserritar edota bertako ekoizleen zuzeneko salmenta sustatu nahi dutelako.
Lau gunetan banatuta egingo dute azoka: gune batean, baserriko produktuak egongo dira, batik bat fruituak eta barazkiak; bestean, animaliak; hirugarrengo batean, haurren txokoa; eta, laugarrengo gunean artisautza. Guztira 50 postu inguruk osatuko dute azoka.
Baina, erakustaldiak ere izango dira azokarekin batera. 10:00etatik 11:00etara artean eta 13:00etatik 14:00etara, fruitu arbolen txertaketa tailerra emango du Josu Osak. 12:30ean, berriz, herriko idi pare bat, beste auzo bateko behi parearen aurka ariko da herriko probalekuan. Hori bukatutakoan, ardi ile mozketako erakustaldia izango da.
Haurrek, landareak landatu eta etxera eramateko aukera izango dute. Baita aurpegia margotu eta ponian ibiltzeko modua ere. Eguerdian, azokako postuetan egongo diren produktuekin osatutako otarra bat zozkatuko dute. Horrez gain, pintxoak jan eta sagardoa txotxetik edateko aukera jarriko dute azokako antolatzaileek. Egun guztian zehar, azoka girotzen, Jon Eizagirre disko jartzailea ariko da.