«Krisiaren aitzakian hartutako neurrien aurrean», grebara deitu dituzte herritarrak

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 29a

ELA, LAB, ESK, STEE- EILAS, EHNE, HIRU eta CNT sindikatuek eta 60 bat gizarte taldek bihar greba orokorra egitera deitu dituzte herritarrak. Ustez krisiari aurre egiteko gobernuek abian jarritako politikek hura «areagotu» baina ez duela egin salatu dute. «Egungo egoera ez da krisi ekonomikoaren ondorioa, krisiaren aitzakian martxan jartzen ari diren politiken ondorioa baizik. Neurrion helburua herritarrak pobretzea eta haiei eskubideak kentzea baino ez da, betikoek aberasten jarraitzen duten bitartean». Gizarte eragileen eta sindikatuen iritziz, orain arteko bideak «hondamendira» darama. «Horregatik, Euskal Herriko erakundeei eskatzen diegu lehentasun nagusia eta bakarra hemen bizi garen eta lan egiten dugun herritarrei bizi baldintza duinak bermatzea izan dadila; enplegu duina, kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak eta prestazio egokiak». Testuinguru horretan, greba orokorrarekin «indarrak biltzeko, borroka egiteko eta Euskal Herriarentzat alternatiba eraikitzeko prozesuari bultzada eman» nahi diote. Lurralde mailako manifestazioa Donostian izango da, bihar eguerdian. Urola Kostan Eskualdeko ELA eta LAB sindikatuek, eta Zarauzko hainbat eragilek, tartean Jubilatuen Asanbladak, Gazte Asanbladak, Bilgune Feministak, Sorginek, Ernaik eta Euskal Herrian Euskarazek larunbatean deitu zituzten grebara herritarrak, Zarauzko Maxi saltokiaren aurrean. Grebaren inguruko ekimen guztiak sozializatu zituzten hala: «Horretarako gune hau egokia dela iruditu zaigu; nolabait ere, Maxi Eroskik azken greba deialdietan izan duen jarrera insolidarioa salatzeko. Bertako langile kooperatibistei deia egin nahi diegu. Finean, herriagatik bizi dira, eta herria krisian dagoenez, maiatzaren 30eko grebarekin bat egin dezatela eskatzen diegu», adierazi zuen Andoni Arrietak, LAB sindikatuaren Urola Kostako komertzio saileko arduradunak. Eskualdeko enpresa, erakunde, ikastetxe eta eragile ugarik grebarekin bat egingo dute. Zarauzko Udalean, esaterako, ez da alkatetza zerbitzurik izango, eta udal langile gehienek lanuztea egingo dute. Azpeitiako gazte mugimenduak ere babestu du greba. Atxikimenduak Urola Kostako Bilduk ere bat egin du deiarekin. «Lan eskubideak, justizia soziala, eta, batez ere, demokrazia aldarrikatzeko eguna izateaz gain, askoz ere gehiago izango da bihar. Euskal herritarren eraso zuzenei aurre egingo dion mobilizazio eta herritarren burujabetza dinamika baten hasiera izan behar du», aldarrikatu du. Izan ere EH Bilduren iritziz, Gasteizko, Iruñeko eta Madrilgogobernuek «aspaldian herritarrei bizkarra ematea erabaki dute, finantza botere handien aginduei men egiteko».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide