Euskara, lanerako premiazkoa

Ane Olaizola 2013ko maiatzaren 29a

Arzallus Barojari buruzko liburuarekin, herrian haren omenez dagoen kalean.
(Ane Olaizola) Egun ohikoa da erakunde publikoek euskararen normalizaziorako bidean pausoak ematea. Urola Kostako ia udal guztiek eta Urola Kostako Udal Elkarteak bat egin dute oraintsu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Udal-ekin egitasmoarekin, eta Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako udalek administrazio kontratuetan hizkuntza irizpideak modu bateratuan ezartzea adostu dute, herrialdeko beste 26 udalerrirekin batera. Txanpon guztiek bezala, ordea, honek ere bi alde ditu, eta halako erabakiak auzitan jartzea ez da kontu ezezaguna. Horren adierazle, Espainiako Estatuko abokatuak helegiteak jarri dizkie Anoeta eta Lezoko udalei, hartu duten bideak «legea urratu» duela argudiatuz. Baina halako ekimenak egungoak al dira, kontu berria? Zenbaterainoko balioa zuen euskarak udaletan duela ehun urte? Eta duela bi mende? Bada, garai batean ere euskarak bazuen garrantziarik postu publikoak lortzerako. Felix Cabezas medikuak argitaratu berri duen La medicina y los médicos en la obra de Pío Baroja liburuko dokumentuek berresten dute tesi hori. Barojak medikuntzari egindako ekarpenen nondik norakoak azaldu ditu Cabezasek lanean, eta Zestoan 1894tik 1895era sendagile izan zeneko bizipenak ere jaso ditu. Euskararekin ez du zerikusirik liburuak, gai hori ez duelako ukitu medikuak, baina Barojaren biografia ezagutzeko Zestoako udaletxeko artxibora jo du egileak, eta han aurkitutako dokumentuak atxiki ditu liburuan. Horietako batean ikus daitekeenez, Zestoako mediku postua euskaraz zekielako lortu zuen Barojak, orain arte haren inguruko biografia idatzi dutenek zabaldu dutenaren aurka. «Orain arte ikerketa egin dutenak Barojaren memorietan oinarritu dira, eta horren ondotik plazaratu dute Barojak herriko postua lortu zuela bera zelako hautagai bakarra. Honek, ordea, lan serioagoa egin du, eta Zestoako artxiboko dokumentuak aztertu eta argitaratu ditu», adierazi du udaleko artxibozain Fernando Arzallusek. Artxiboetan ikus daitekeenez, bi hautagai aurkeztu ziren deialdira: Baroja eta Diego de Prado y Gomez madrildarra. Zestoako Udalak 1894ko maiatzaren 21ean mediku postua betetzeko zabaldu zuen deialdiaren zirriborroan ikus daitezke «lehentasunezkotzat» jo zuela euskara jakitea. Baina hura ezabatu, eta gainean euskara jakitea «beharrezkoa» zela idatzi zuten. Horri esker, Barojak lortu zuen lanpostua. «Garai hartan nahiko ohikoa zen euskara jakitea eskatzea, eta ez Zestoan bakarrik. Biztanle gehienak euskaldun elebakarrak ziren. Dean den, urtetik urtera aldatu egin zitezkeen euskararen inguruko irizpideak: batzuetan beharrezkoa zen, baina ez beti», adierazi du artxibozainak. Arzallusek badu halako beste adibiderik eskuartean; 1907ko irailaren 22koa, esaterako. Herriko albaitari posturako deialdia zabaldu zuen udalak, eta deialdiaren dokumentuan dago jasota euskaraz jakitea «nahitaezko baldintza» zela, «gainontzeko langileei eskatzen zaien moduan». Bertan irakur daitekeenez, udalak urte batzuk lehenago indargabetu egin zuen euskaraz jakitearen inguruko baldintza, eta horrek herritarren eta langilearen arteko «ezin ulertua» eragin zuen. Beraz, erabaki politikoetatik harago, baldintza hori jartzeko arrazoia herritarren beharrak asetzea zen garai hartan. «Euskararen normalizazioak edota nazionalismoak baino, herritarrek mediku eta albaitariarekin ulertzeko premiak bultzatzen zuten udala halako erabakiak hartzera». Zestoako bizipenak bilduta Lanpostuetarako euskara jakitea eskatzea ez dela gaurko kontua ezagutzeko bidea eman du Cabezasen lanak, baita Barojak Zestoako mediku postua irizpide horregatik lortu zuela argitzekoa ere, haren biografia idatzi izan dutenek behin eta berriro errepikatuko informazioa gezurtatuz. Liburuaren egileak idazlearen mediku izaera aztertu du, eta horretarako Barojaren obra osoaren 400 orriko laburpena egin du. Hainbat atal ditu liburuak, eta tartea handia eskaini dio Barojak Zestoan bizitakoei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide