Juan Carlos Monedero (Madril, Espainia, 1963) Hugo Chavez Venezuelako presidente zenaren aholkularia izan zen, eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean Zientzia Politikoen irakaslea da. Elan-Euskadik gonbidatu du Getariara,
Eredu neo-liberalaren aurkako borroka. Zer erakutsi diezaioke Venezuelako prozesuak Europari? gaia ardatz hartuta hitzaldia emateko, gaur, 19:30ean, Cristobal Balenciaga Museoan. Garapen eta elkartasunerako jardunaldiak ari da egiten erakundea, eta ostirala izango da azken eguna.
Eredu neoliberalari Venezuelak emandako erantzuna izango duzu hizpide. Hugo Chavezek aipatzen zuen XXI. mendeko sozialismoa al da hori?
Chavez ez zetorren ezker tradizionaletik. Horregatik, bere pentsamendua praktikan oinarrituta eraikiz joan zen. Chavez inperialismoak zuen eraginaz konturatu zen, eta berretsi zuen Venezuelaren etorkizuna Amerikako gainontzeko herrialdeen etorkizunarekin lotuta zegoela. Horretarako, ezinbestekoa iruditu zitzaion Hego Amerikako herrialdeen integrazioa, oinarrian demokrazia ulertzeko beste modu bat izango zuena. Bestalde, 2005ean ohartu zen urtetan gertatutako arazo eta gatazkek jatorri komun bat zutela: sistema kapitalista. Horretarako XX. mendeko sozialismoa atzean utzi eta garai berrietara egokituta sozialismo eredu berria proposatu zuen, XXI. mendekoa, alegia; denbora gutxira sozialismo bolivardarra hots egingo zitzaiona.
Venezuela petrolio ekoizle oso garrantzitsua da. Badirudi hori ez datorrela bat herrialdeko oinarrizko produktuen eskasiarekin.
Alde batetik, kontuan hartu behar da Venezuelaren hornikuntza enpresa gutxi batzuen esku dagoela, eta hori oso garrantzitsua da produktu gehienak inportatzen dituen herrialde batentzat. Bestetik, kontsumoa asko hazi da, iraultzaren lorpen garrantzitsuetako bat herritarrek egunean hiru aldiz jatea lortzea izan baita. Venezuelako hedabideen %80 pribatuak dira, eta hauteskundeen ondoren oposizioak emaitza ez onartu izana behin eta berriz errepikatu dute, gatazka eta arrisku egoera zegoela adieraziz. Azkenik, nabarmendu behar da, kontsumoaren hazkundea ez datorrela bat herrialdearen ekoizpenaren hazkundearekin. Azken urteetan BPGan langileen parte hartzea handitu beharrean, kapitalaren parte hartzea handitu da; Venezuela egun duela 15 urte baino kapitalistagoa da. Horregatik, Nicolas Maduro presidenteari eskatu zaio proposamen sozialistetan aurrera egiteko.
Zer iruditzen zaizu Maduroren kudeaketa eta jarrera? Chavezen oinordeko duina al da?
Chavez bezalako liderrak mendean behin sortzen dira. Beraz, uste dut inork ezin duela Chavez ordezkatu. Horregatik, Madurori eskatu zaio elkarkidetzan eta parte hartzean oinarritutako gobernua sortzeko. Chavezen heriotzak sortu zuen shock-aren ondorioz, Madurok ez du jakin alderdi politikoekin, eragile sozialekin eta intelektualekin bildu eta bloke hegemonikoa osatzen. Zorionez, azken asteetan egoerari buelta eman, eta norabidea berreskuratu du.
Europaren eta Venezuelaren egoera konparatuko dituzu. Ongizate estatua desagertzen ari al da? Ongizate estatua desagertzen ari dela dirudi, baina etorkizuna ez dago idatzita. Izan ere, egungo borrokek etorkizunean izango ditugun eskubideak baldintzatuko dituzte. Bizi dugun egoerari ematen diogun erantzunak baldintzatuko du etorkizuna. 15M mugimendua Espainian azken hamarkadetan jazotako gertakari onena izan dela, herriak egoerari irtenbidea emateko prozesu alternatiboak abiatzeko prest dagoela erakutsi baitu. 15M ez da erantzuna izan, gizartearen hausnarketa da. Orain arteko ereduak huts egin duela ikusi da, eta eredu berriak sortzeko beharra agerian geratu da, eta bide horretan Latinoamerikako esperientzia baliagarria da.