Arraun elkartea pozik Garagardo Azokak izan duen harrerarekin

Karkara.eus 2013ko maiatzaren 28a

500 ukondo eta 1.500 litro zerbeza banatu zituzten. Ostiralean, iluntzeko 19:00etan hasi zen Orioko 1. Garagardo Azoka plaza jendez gainezka zela. Imanol Agirretxe eta Oiana Blancoren ahizpa –Oihana ama izan berritan denez ezin izan zuen etorri– izan ziren hasierako protagonista, Mirotza saria jasotzera etorri baitziren Oriora.

500 ukondo eta 1.500 litro zerbeza banatu zituzten

Ostiralean, iluntzeko 19:00etan hasi zen Orioko 1. Garagardo Azoka plaza jendez gainezka zela. Imanol Agirretxe eta Oiana Blancoren ahizpa –Oihana ama izan berritan denez ezin izan zuen etorri– izan ziren hasierako protagonista, Mirotza saria jasotzera etorri baitziren Oriora.

Orio Arraunketa Elkarteak azokaren balorazio ona egin du: lehen aldia izateko jende asko ibili da. Gustura gaude jendearen erantzunarekin eta aurrera begira jarri gaitu honek, edizio berriak prestatzeko ilusioa sortzen du plazan bildu den jende kopuruak.

Ibon Huegun Arraunketa Elkarteko lehendakariak esan duenez adin eta perfil desberdineko jendea ibili da garagardoaren bueltan: beldurra genuen, garagardo azoketan gazte jendea biltzen da-eta normalean. Gurean helduak eta edadetuak ere ikusi ditugu. Eskerrak eman nahi dizkiet asteburuan plazara etorri direnei.

Asteburuan 1.500etik gora lagun izan da azokan eta horietatik ia erdiak larunbatean, kanpotik jende asko etorri zelarik. Huegunen esanetan bigarren helburua ere beteta dute: Orioko kaleetan jendea ibili zen.

Igandean, ukondo asko eraman zuen etxeetara herriko jendeak eta beste batzuk, berriz, Kukuarritik bueltan plazan bazkaldu zuten. Guztira 500 ukondo banatu zituzten eta 1.500 litro zerbeza edan zituen jendeak.

Huegun eta bere taldea datorren edizioei begira jarri dira dagoeneko eta presidentearen arabera, lehen urtean asko dago ikasteko, berehala konturatzen zara zer hobetu behar duzun festa edertzeko eta errazago kudeatzeko.

Orio Arraunketa Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie laguntzaile eta boluntarioei. Guztira 80 pertsona inguru ibili dira azokan lanean. Horrez gainera Satxota, Saizar eta Aburuza sagardotegiak eskertu nahi dituzte, mahaiak uzteagatik. Baita Orioko Udala eta Zarauzko Rugby taldea ere emandako laguntzagatik.

10x10 lasterketa
Oriotarren eta zarauztarren arteko lasterketak ikusmina sortu zuen herritarrengan. Ia eguerdian, 11:30ak pasata, hasi ziren probarekin eta lehen korrikalariak Ibai Berazierto zarauztarra eta Kamel Ziani oriotarra izan ziren. Zianik 8 segundoko aldea atera zion Beraziertori.

Bigarren txandan Josu Perez eta Aitor Hoyos izan ziren elkarren kontra. Denbora bera egin zuten bi korrikalariek. Hirugarrenean Junjo Beraziertok min hartu zuen eta Aitor Rubiok egindako denbora ez zen kontutan hartu.

Hortik atzera Jaime Abalos-David Castro, Jokin Redondo-Josu Larrarte, Endika Etxegoien-Eneko Dorronsoro, Jon Azkue-Andoni Campos, Maite Uranga-Susana Martin eta Oscar Tena-Aitor Etxeberria izan ziren elkarren aurka aritu ziren bikoteak.

Guztietan oriotarrak izan ziren aurretik, Endika Etxegoien eta Eneko Dorronsororen artekoan izan ezik. Mila metroko hartan zarauztarra segundo bat aurretik sartu zen.

Guztira 26 segundoko aldea atera zion Oriok Zarautzi ikusleen gozamenerako izan zen norgehiagokan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide