Fashion Code Event topaketa antolatu dute Balentziagan ekainaren 15erako

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 28a

Cristobal Balenciaga Museoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean International Fashion Code Event topaketa antolatu dute ekainaren 15erako, moda munduaren errealitate juridikoa ezagutarazteko. Ekitaldian zuzenbide arloko eta bereziki jabetza industrialeko aditu ospetsuek parte hartuko dute; "ehungintzan, oinetakogintzan eta osagarrien sektorearekin lotutako alderdi legalak eztabaidatuko dituzte" zehaztu dute antolatzaileek. Adituek bi ikuspegi jorratuko dituzte; jabetza industriala eta jabetza intelektuala. Beraz, International Fashion Code Event topaketan biltzen diren diseinatzaileek, abokatuek eta enpresariek modaren alorreko pirateriaren inguruko esperientziak eta egun sektoreak bizi duen egoerari buruzko iritziak partekatzeko aukera izango dute. Faltsifikazioak Cristobal Balenciaga Museotik jakinarazi dutenez, Espainian faltsututako produktuen %7,1a ehungintza industriakoa da, %4,4a oinetakogintzakoa eta %4,2a larrugintzakoa. "Testuinguru horretan modaren munduan falsifikazioak eta kopiak ugaritzen ari dira. Hori dela-eta, kontsumitzaileen artean ezinegona sortzen duen egoera konpontzeko neurri legalak hartu behar dira" azaldu dute antolatzaileek. Ildo horretan, ekitaldiaren helburua "modaren esparruan Espainian, Europan eta nazioartean dauden babes mekanismoak ezagutaraztea da".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide