Umorezko film labur rallya«Ekainaren batean kamarek eta fokuek hartuko dute Zarautz. Gidoiek berdura plazan egingo dituzte erosketak eta aktoreak ez ditugu desberdinduko zinegotziengandik. Egun batez, egun bakar batez bada ere, fikzioa izango da egia bakarra». Modu horretan iragarri dute Putzuzulo Amets Fabrikako kideek datorren larunbaterako antolatu duten Zeatikezpa! Umorezko Film Laburren Rallya.
Egun osoko egitaraua antolatu dute egitasmoaren inguruan, goizetik hasi eta gauerdira arte. Goizean goiz, 09:30ak eta10:00ak bitartean, gaztetxean elkartuko dira, eta ikus-entzunezkoetan jorratu beharreko gaia zehaztuko zaie parte hartzaileei.
Goiz eta arratsalde osoa izango dute taldeek grabaketak egin eta film laburra editatzeko; eta 19:30ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Talde bakoitzak bere ekipamentua ekarri beharko du grabaketak eta edizio lanak egiteko; hau da, kamera, tripode, ordenagailu eta dena delakoa. Putzuzulo gaztetxeak, bere aldtik, internetera sartzeko konexioa, argindarra eta edizio lanak egiteko espazioa eskainiko ditu.
Egitasmoko oinarrietan zehaztu dutenez, filmeko irudi guztiek egunean bertan grabatuak izan beharko dute. Era berean, euskararen presentzia derrigorrezkoa izango dela nabarmendu dute, baita ekoizpenak umoretsuak izan beharko dutela ere. Ikus-entzunezko lanek, gainera, lau minutuko iraupena izango dute gehienez ere. Izena aurretik eman daiteke www.zeatikezpa.org webgunean; egitaraua eta oinarriak ere argitaratu dituzte bertan.
Rallyko film laburren emanaldia 20:00etan egingo dute, eta ondoren luntxa egongo da guztientzat. Ekitaldiari amaiera jartzeko, Sokoa Fest musika jaialdia egingo dute 22:30etik aurrera, honako taldeen kontzertuekin: Arrautz Ustelak,Street Boys Army, Hilkar eta Erantzun.
Egitaraua
09:30etik 10:00etara. Harrera egingo zaie parte-hartzaileei, Putzuzulo gaztetxean, eta landu beharrezko gaia emango zaie.
14:00etatik 15:00etara. Bokatak banatuo dituzte bazkaltzeko, Putzuzulon.
19:30ean. Lanak aurkezteko azken ordua.
20:00etan. Aurkeztutako film laburren emanaldia.
21:21ean. Luntxa.
22:30etik aurrera. Sokoa Fest musika jaialdia. Taldeak: Arrautz Ustelak, Street Boys Army, Hilkar eta Erantzun.