Txurrukako aldapa gainditu beharko dute triatletek ekainaren 8an

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 28a, 05:12

Hainbat berrikuntza izango du aurten BH Zarauzko Triatloiak, ekainaren 8an. Bizikletako zatia, Txurrukatik igaroko da, esaterako. Iaz «betiko ibilbide zaharra» berreskuratu zuten; hau da, Aiako «murrua» deituriko aldapa pikoa (uneka %18ko malda du) gainditu behar izan zuten parte-hartzaileek. Aurten malda bat gehitu diote bideari: Santiago Errekatik Zarautzera iristeko Talaimendi gainetik igaro beharko dute triatletek. Guztira 81 kilometro egingo dituzte pedalei eraginez. Zirkuitoa Meagako igoerakin hasiko da, eta lasterketa lehengo urteko norazko berean izango da. 28 kilometroko bi itzuli izango dira: Zarautz-Meaga-Zumaia-Getaria-Zarautz. Bigarren itzuliaren ostean, zati «gogorrena» etorriko da: Aiako igoera. Santiago Errekatik igaroz, Txurrukako malda igo ostean iritsiko dira Zarautzera. Korrika egin beharreko zatia ohikoa izango da: 20 kilometroko ibilbidea, udalerri barruan. Aurrez, 2,9 kilometro egingo dituzte igerian, hori ere ohiko ibilbidea jarraituz, Getariako Malkorbetik atera, eta Zarauzko hondartzaraino. 14:00etan irtengo dira emakumeak eta ordu laurden beranduago gizonezkoak. Zarauzko Triatloiko sailkapena, gainera, kontuan hartuko da distantzia horretako Gipuzkoako txapeldunak izendatzeko, emakumezko zein giztonezkotan. 14 minututan 650 dortsal 14 minutu eskas nahikoa izan dira aurten triatloiko parte-hartzaile zerrenda osatzeko. Guztira, 650 triatleta lehiatuko dira, bertakoak zein atzerritarrak. Jakinarazi dutenez, horien %20a izango da gipuzkoarra, eta %40a Euskal Autonomi Erkidegokoa eta nafarra. Gainontzekoak beste autonomia erkidegotatik zein atzerritik etorriko dira. Aurten, gainera, 30 emakumek hartuko dute parte proban. Punta-puntako triatletak izango dira horiek. Iazko irabazle Maite Gaztañagak ezingo du aurten lehiatu lesio bat medio, baina beste punta-puntako kirolariak bertaratuko dira ekainaren 8an. Virginia Berasategi bilbotarra eta Cat Morrison eskoziarra ariko dira nor baino nor, esaterako. Podiuma lortzeko borrokan jardungo duten beste faboritoak Radka Vodickova txekiarra, Saleta Castro galiziarra, Eva Ledesma kataluniarra eta iazko txapeldunorde Estefania Gomez espainiarra, Ana Casares nafarra eta Inma Pereiro bizkaitarra dira. Gizonezkoei dagokionez, Eneko Llanos gasteiztarrak bere 10. txapela lortzeko borrokatuko du. «Inoiz baino indartsuago dago», dio Zarauzko Triatloi Taldeko presidente Inaxio Alguacilek: «Aurten munduko espezialista guztien aurka lehiatu dituen proba guztietan lehen postuetan sailkatu da» . Hari aurrea hartzen saiatuko dira iaz lehen hamarren artean amaitu zirenetatik zortzi, besteak beste, Aimar Agirresarobe tolosarra, Peru Alfaro hernaniarra, Javier de Miguel andoaindarra, Mikel Elgezabal eta Iurgi Etxeandia bizkaitarrak, Richard Calle kataluniarra eta iaz hirugarren eta laugarren egin zuten Pedro Miguel Reig eta Jose Manuel del Real, Fernando Gomez, Ramon Ejeda eta Roger Serrano espainiarrak edota Stephan Poulat frantziarra. «Zarauztarrak ere ez dira faltako», nabarmendu du: «Jon Unanue sasoi bete-betean dago, podiumagatik lehiatzeko moduan, eta ziur Iñigo Eizagirre gure taldekidea eta ia zarauztarra den Hektor Llanos ere lehenbiziko hamar postuen bueltan ibiliko direla». Irudi berria «Zarauzko Triatloiaren oihartzuna zabala da, eta gure asmoa ospe horri eustea da», dio Alguacilek. Triatletez gain, jende asko gerturatzen da proba egunean Zarautzera. Ildo horretatik, eta «ikuslegoari keinu bat» eginez, Munoan pantaila erraldoia ezarriko da, lasterketa zuzenean ikusi ahal dezaten. Era berean, EITBk zuzeneko irudiak emango ditu, eta streaming bidez ere segitu ahalko da. Freskotasuna emate aldera, aurten lehenbiziko aldiz merchandising-a sortu dute propio probarako. Taymory markak diseinatu ditu jertse, bainujantzi eta bizikletako maillot-ak. Kolore urdin (Kantauri itsasoa) eta hori (Getariako eta Zarauzko hondartzako harea) eta triangeluekin (triatletak) apaindu dituzte jantziok. « Zarauzko Triatloiaren funtsa darion irudia da zalantzarik gabe». Lauroba taldearen Azkar kanta aukeratu dute distan

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide