Hondakinen sistemaren baldintzez galdetuko die Zarauzko Hondakinen Mahaiak herritarrei

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 27a

Bi hilabete igaro dira ZHM Zarauzko Hondakinen Mahaia abian jarri zutenetik. Uda baino lehen helburua zehaztea eta bilketa sistemak bete beharreko gutxieneko baldintzak finkatzea izango da parte-hartzaileen betebeharra. Ekainean, zenbait ekintzen bidez, herritarren iritzia jasoko dute. Ekarpen guztiak jasota, bilketa sistema ezberdinak mahai gainean jartzeko unea iritsiko da. Horregatik, "guztion artean helburua lortu ahal izateko" prozesuan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. 2013ko otsailaren 6an birziklapena bultzatu eta egungo hiri hondakinen sailkatze selektiboaren tasa hobetzeko bilketa sisteman aldaketak "ahalik eta kohesio handienean" adosteko hondakinen mahaia antolatzea erabaki zuen Zarauzko Udal Gobernuak. Alderdi politiko guztietako ordezkariak eta hainbat elkarte gonbidatu zituen, besteak beste, auzo elkarteak eta Birziklapena bai, atez atekoa ez plataforma. Metodologia prestatzeko, aholkularitza tekniko gisa, EHUrekin akordioa sinatu zuen. Bi betebehar izan ditu horrek: batetik, unibertsitate horretako Arkitektura saileko lan talde batek askotariko bilketa sistemen azterketa teknikoa egitea; eta bestetik, parte hartze prozesuaren proiektu osoa diseinatu eta koordinatzea. Martxoaren 12an elkartu zen lehenbiziko aldiz ZHM. Bi egun beranduago, udaleko bozeramaile batzordeak mahaiarekiko zenbait akordio onartu zituen; garrantzitsuena, ZHM alderdi politiko guztien ekimena izango zela. Apirilaren 25ean, bigarren bileran, EHUko lan taldeak metodologia proiektuaren lehen zirriborroa aurkeztu zuen eta horri buruzko ariketa bat egin zuten. Hondakinen kudeaketa teknikoaz eztabaidatu zuten ondorengo bi saiotan. Ekainetik aurrera, gaikako bilketa sistema ezberdinak proposatu beharko dituzte ZHMko kideek, eta ondoren sistemen azterketa burutzeko irizpideak finkatuko dituzte guztien artean. Gerora, EHUko lan taldeak eta udal teknikariek sistemak aztertuko dituzte teknikoki, eta ondoren guztien artean adostuko dute Zarauzko gaikako bilketa sistema berria.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide