Maiatzaren 30erako greba deialdia egin dute Zarautzen

Aritz Mutiozabal 2013ko mai. 25a, 15:16

Greba deialdia egin dute Maxi Eroski aurrean (Aritz Mutiozabal). ELA eta LAB sindikatuek maiatzaren 30erako deitutako grebaren harira, aipatutako sindikatuetako ordezkariez gain, Zarauzko hainbat eragilek –Jubilatuen Asanblada, Gazte Asanblada, Bilgune Feminista, Sorginak, Ernai eta Euskal Herrian Euskaraz– hartu dute parte gaur eguerdian Maxi Eroski aurrean eginiko agerraldian. "Grebaren inguruko ekimen guztiak sozializatu nahi izan dugu, eta horretarako gune hau egokia dela iruditu zaigu; nolabait ere, Maxi Eroskik azken greba deialdietan izan duen jarrera insolidarioa salatzeko. Hori horrela, bertako langile kooperatibistei deia egin nahi diegu. Azken finean, herriagatik bizi dira, eta herria krisian dagoenez, maiatzaren 30eko grebarekin bat egiteko. Era berean, Maxi Eroskiko zuzendaritzari langileek hartzen dituzten erabakiak errespetatzeko eta hobesteko eskatu nahi diegu", adierazi du Andone Arrietak, Urola Kostako LAB sindikatuko komertzio arduradunak. Maiatzaren 30ean goizeko 07:00etan hasiko dira pikete informatiboak, Maxi Eroski aurretik. 09:00etan, Musika Plazatik manifestazioa egingo dute, eta eguuerdian, 12:00etan, hiriburutan egingo da manifestazio nagusia. 14:30ean, herri bazkaria egingo dute Zarautzen bertan, Musika Plazan, norberak ekarritako janariarekin. Ekimenei amaiera emateko, arratsaldean manifestazioa egingo dute berriz. Eskualdeko enpresa askotan astelehenan egin behar dituzte batzarrak, baina jada batzuk bat egin dute grebarekin: Estampaciones Gipuzkoa, Indaux (bi zentroak), Forjas de Iraeta, TS Fundiciones, Corrugados Azpeitia, Biele, Grual, Sarralle, Elesa, Lagun Artea, Zarauzko Ikastola, Mendiaraiz, Zestoako San Juan zaharren egoitza, Goialde, Ondozabal eta Korta.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide