Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jagoba Otaegi (Aizarna, Zestoa, 1993) harri-jasotzaileak marka berria ezartzeko ahalegina egingo du larunbatean, Aizarnako Pazko Jaietan. 152 kilo altxatzen ahaleginduko da auzoko pilotalekuan, eta erakustaldia osatzeko herri kirol jaialdia egingo dute inguruko harri-jasotzaileekin eta aizkolariekin. Sarrera 10 euro kostako da.
Zer marka egiten saiatuko zara larunbatean?
Nire pisuaren bikoitza jasotzea izango da erronka; 152 kilo, hain zuzen ere. Bost minutuko bi txandatan egingo dut saioa. Lehenengo saioa 152 kiloko zilindro zaharrekin eskainiko dut, eta hamabost minutuko atsedenaldiaren ondoren, errektangular zaharrarekin egingo dut bigarren saioa.
Nondik nora erabaki duzu marka berria ezarri nahi duzula?
Kintopetan aritzen naiz, eta hogeita bat urte azpiko mailan jardungo dudan azken urtea izango da aurtengoa. Horregatik ezarri nahi nuen marka berria maila honetan. Izeta harri-jasotzailearekin entrenatzen dut, eta hark komentatu zidan pisu gutxirekin ibiltzen nintzela. Markak nire pisuaren bikoitza altxatzeko modukoa izan zedin zehaztu genuen, eta urte hasieratik horretarako prestatu naiz.
Sasoiko zaudela uste al duzu?
Entrenamenduetan behintzat nahiko ondo ibiltzen naiz, eta gehienetan lortzen dut helburu. Guztia ondo joaten bada, lortuko dudala uste dut. Baina ikusi egin beharko da. Ea etxekoa plazan egitea lortzen dudan.
Aurretik beste markarik ezarri al duzu?
Hamahiru urte nituela egin nuen lehenengo marka, Aizarnan bertan. 300 kilo jaso nituen orduan: 100 kiloko zilindroa, 100 kiloko errektangularra eta 100 kiloko kubikoa. Horrez gain, 2010, 2011 eta 2012. urteetan Euskadiko Kintopeko Txapelketan garailea izan nintzen.
Umetatik al zabiltza harri-jasotzen?
11 urte nituenean hasi nintzen harri-jasotzen. Betidanik gustatu izan zait, eta herri kirolak ikustera joaten nintzenean horri jartzen nion arreta. Hala, pixkanaka harri-jasotzen hasi nintzen, eta honaino iritsi naiz.