Urola Kostako Udal Elkarteak, Kutxa Ekoguneak, eskualdeko bost udalek eta eskualdeko 23 arrandegik Ontziratu zaitez! kanpaina jarri zuten martxan azaroaren erdialdera. Kanpaina horren helburua da arrandegiko erosketetan ontzi edo tuperra erabiltzea eta paper eta plastikozko poltsen erabilpena murriztea. Kanpaina apirilaren amaieran bukatu da.
Zumaian 2.000 ontzi banatu ziren azaroaren hasieran eta ordutik apirilaren amaierara bitartean 9.614 erosketatan erabili da. “Hilabetez hilabeteko datuen bilakaerari begiratuta ikus liteke hilabete guztietan ontziarekin egindako erosketen kopurua antzekoa dela. Horrek adierazten du herritar kopuru esanguratsu batentzat ohitura bihurtu dela arrandegiko erosketak ontziarekin egitea.
Kanpainan zehar (hain zuzen ere otsailean), ontziarekin eta ontzirik gabe (paper eta poltsekin) egindako erosketen proportzioak aztertu dituzte kanpainaren bultzatzaileek. “Otsailean arrandegietako erosketen %51 inguru ontziekin egin zen. Datuen koherentzia ikusita, esan dezakegu, kanpaina honen bidez erosketen erdia inguru ontziekin egitea lortu dela.
Kanpaina honek arrandegietan erabiltzen den paper eta plastikozko poltsen kopuruan jaitsiera bat ekarri duela ondorioztatu dute Kutxa Ekogunekoek. “Ontziarekin egiten den erosketa bakoitzeko 7 gramo paper aurrezten dira eta poltsen erabilpena %75 murrizten da. Estimazio horien arabera, arrandegietan ontziak erabiltzeko kanpainaren bidez, azarotik apirilaren 30era, bost herrietan 375 kilo paper eta 40.174 poltsa gutxiago erabili dira.
Udal Elkartearen eta Kutxa Ekogunearen balorazioa ona da, “alde batetik arrandegien parte hartze eta ahaleginarengatik, beste alde batetik, herritarrek kanpainari egin dioten harrera ona izan delako eta, azkenik, azaroaren 12tik apirilaren 30era 53.565 erosketa ontzia erabiliz egin direlako eta ontzien erabilpena errotzen joan delako. Horrek paper eta plastikozko poltsen kontsumoan murrizketa esanguratsua dakar. Helburua da ontziak erabiltzea ohitura bihurtzea”.
