Getariako ekoizleen lana "bertatik bertara" ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dituzte udan

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 22a

Getariako ekoizleak, egitasmoaren aurkezpenean. Getariako ekoizle artisauek bisita gidatuak eskainiko dituzte udan. Bisitariek euren produktuak eta horien elaborazio prozesua bertatik bertara ezagutzea da helburua. Uztaila zein  abuztuko larunbatetan izango dira bisitak. Hazi fundazioko In Agro Salute egitasmoak, Urkome Urola Kostko landa garapeneko agentziak, Getariako Turismo Bulegoa eta Itsaslur Gourmet Getaria elkarteak bultzatutako proiektu pilotu hau aitzindaria da Euskadi mailan. Landa eremuan produktu turistiko berriak sortzea da helburu nagusia, lehenbiziko sektorearen eta turismoaren arteko erlazioa indartzea, hain zuzen. Ildo horretatik, ekoizle txiki eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena sustatuko da, esperientzia turismo alorrean aurrerapauso bat emanez. "Berebiziko garrantzia dauka herri bereko ekoizleek parte hartzea, anistazunak interesgarriago egiten baitu herri mailako proposamen hori", adierazi zuten atzo, egitasmoaren aurkezpenean. Zentzu horretan,  hiru ekoizlek hartuko dute parte:  Ezkur Txerri (txerrikiak), Aroa (baratzeko produktuak) eta Maisor Antxoak (kontserbak), hain zuzen. Lehenbiziko fase horretan getariko produktoreek euren etxeetako ateak zabaldu eta zer egiten duten, nola eta etorkizunera begira zer egiteko asmoa duten partekatuko dute bisitariekin. Bisita gidatu horien bidez, "Getariako ondare gastronomikoaren erroak balorean jarriko" dituzte, halaber. Bisita horiek udan hasiko badituzte ere, urtean zehar ere mantentzeko aukera izango dela aurreikusi dute antolatzaileek. Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek ekoizleekin harremanetan jarri  beharko dute, zuzenean. Horretarako, www.ezkurtxerri.com, www.maisor.com edota www.aroasc.com helbideetara mezua bidali beharko da. Datorren astetik aurrera, gainera, Getariako turismo bulegoan (www.getaria.net) zein www.sansebastianturismo.com atarian ere eman ahalko da izena. Bisita bakoitzak bost eta hamabi euro bitartean kostako du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide