Corrugadosekoek erakundeen esku hartzea eskatu dute

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 22a

Corrugados Azpeitiakoak atzo, Gasteizko BBVAren egoitzan pankarta bat jartzen. (Raul bogajo / Argazki Press) Corrugados Lasaoko Enpresa Batzordea eta Corrugados Azpeitiako langileak Gasteizen izan ziren atzo. Alfonso Gallardo Taldeko bi enpresetako kaleratzeen gaineko Lana Erregulatzeko Txostena negoziatzeko epea iraungi bezpera da; kontsulta epeko azken batzarra bihar dute Espainiako hiriburuan. Madrilgo negoziazioa enpresako nagusien aldetik «antzerki eta engainu» hutsa dela salatu dute bi enpresetako langileek, eta euskal erakunde publikoei esku hartzeko eskatu diete. Corrugados Lasaoko langileen ordezkariak atzo Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordetzan izan ziren, Alejandro Lopez Industria Garatzeko zuzendariarekin bilduta. Corrugados Lasaoko 68 langileetatik 38 kaleratzeak enpresaren itxiera ekarriko duela adierazi diote Jaurlaritzako Industriako zuzendariari. «Madrilgo negoziazioa engainu hutsa dela ere esan diogu. Horrez gain, gure enpresa bideragarria dela nabamendu dugu», azaldu du Lasaoko Enpresa Batzordeko presidente Imanol Larrañagak. Corrugadosen inguruan «lan batzuk» egiten ari direla azaldu die Jaurlaritzako kideak Lasaoko langileen ordezkariei. Larrañagaren arabera, «inbertsore bila ari direla eta BBVArekin gestio batzuk egin nahian dabiltzala esan digu batzarrean. Baina momentuz inbertsioa egiteko interesa duen inor ez dagoela». Corrugados Azpeitiakoak, berriz, protesta egin zuten atzo goizean Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Euren lanpostuak defendatu eta Jaurlaritzari «inplikatzeko» eskatu zioten. Azpeitiko lantegitik ehun lagun inguru joan zen hiriburura. EH Bilduko legebiltzar batzuen babesa ere jaso zuten atzo Corrugadosekoek. Segidan, Gasteizko BBVAren bulego batera joan ziren, Corrugadosek bizi behar du. Negoziazio erreal bat orain! lelo hartuta, elkarretaratzea egitera. «Bi etsairen kontra ari gara: Gallardo Taldea eta BBVA. Izan ere, BBVA da arazo honen beste erantzulea», diote komitekoek. Corrugados Azpeitiako 300 langileak kaleratu nahi dituzte, enpresa itxiz. Itxierak zeharka bailarako beste 700 laguni eragingo diola salatu dute Corrrugados Azpeitiakoek. Horregatik, euskal erakundeei esku hartzeko eskatu diete, «Azpeitiko enpresak etorkizuna izan dezakeelako». Azpeitiko lantegiko beharginen ordezkarien ustez, Madrilgo negoziazioa «antzerki hutsa» da. «Gallardo Taldea aurretik hartutako erabakia aurrera eramaten ari delako». Bihar, Madrilera Bihar dute Madrilen kaleratzeen gaineko txostenaz eztabaidatzeko azken bilera Corrugados Lasaokoek eta Azpeitiakoek. Nagusiek proposamena aldatzen ez badute, Azpeitiko planta itxi egingo dela esan dute. Corrugados Lasao ixteko arriskua ere aurreikusten dute bertako langileek. «Orain 38 langile kaleratuta, 30 langile geldituko dira, eta enpresa ixteko bidean jarriko dute», dio Larrañagak. Negoziazio epean enpresako nagusiek ezer berririk ez dutela proposatu diote. «Benetako negoziaziorik ez da egon. Dena aurretik prestatuta zuten. Papeleo hutsa da; gero epailearen aurrean gauzak ondo egin dituztela azaltzeko engainu hutsa». Horregatik, bihar Madrilera Lasaoko plantako langile guztiak joango dira, «komiteari babesa emateko eta nagusiei aurpegiak erakustera». «Gallardo Taldekoak ez dira inoiz etorri gure enpresara, eta gu geu joango gara Madrilera», adierazi dute Lasaoko beharginek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide