Iban Larrañagak eta Beñat Segurolak debuta egingo dute profesionaletan

Ane Olaizola 2013ko maiatzaren 21a

Ezkerretik hasita Segurola, Larrañaga eta Juanenea. (Argazkia: Oriamendi) Iban Larrañaga azkoitiarrak eta Beñat Segurola aizarnazabaldarrak Azpeitiko XIV. Erremonte Txapelketan hartuko dute parte igandean, baina aurreko egunean hitzordu garrantzitsua izango dute; izan ere, erremonte profesionalerako saltoa emango dute larunbatean, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Larrañaga eta Segurolarekin batera, Aritz Juanenea saldiastarrarekin batera egingo dute debuta eskualdeko erremontistek, eta Oriamendi 2010 erremonteko enpresarekin jardungo dute; horien arabera, «etorkizun handiko» jokalariak dira hirurak. Larrañagak eta Segurolak espero zuten profesionaletan debuta egitea, baina krisiaren eraginez ez zuten uste hain azkar emango zutela saltoa: «Krisiarekin ez da erraza profesionaletan lekua izatea, eta zentzu horretan zorteko gara». Larunbatean, aurrez aurre Profesionalekin jokatzeko «ilusioa» betidanik izan dutela adierazi dute, eta larunbatean izango dute lehenengo aukera. «Oraindik ez nago urduri, beharbada gero etorriko dira nerbioak. Dena den, espero dut lan ona egitea», adierazi du Larrañagak; Segurolak ere «zortea lagun izatea» espero dute larunbaterako; izan ere, aurrez aurre izango dira azkoitiarra eta aizarnazabaldarra. Lehenengoa atzelaria da, eta adierazi duenez, sakeak eta erreboteak dira bere indarguneak; aurrelariaren arabera, berriz, erremonteak erremateak egiten dakizki ondoen. Segurolak eta Larrañagak 22 eta 20 urte dituzte, hurrenez hurren, eta biak ala biak hasi ziren duela hiru urte inguru erremontean. Azkoitian profesionaletan arituko den jokalari bakarra izango da Larrañaga, iaz Ibon Agirrezabala Matxin IV.ak erremontea utzi ondoren; «pena handia dut Matxinekin jokatu ezin izana; beti da ederra herriko norbaitekin aritzea», dio azkoitiarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide