Irakurle berrientzako liburu bana argitaratu dute Uxue Alberdik eta Jesus Mari Olaizola ‘Txiliku’-k

Aritz Mutiozabal 2013ko maiatzaren 20a

Jesus Mari Olaizola Txiliku eta Uxue Alberdi, haurrentzako ipuin berria eskuetan dutela (Aritz Mutiozabal). Irakurtzen hasten direnei zuzendutako hiru liburu berri aurkeztu ditu gaur goizean Elkar argitaletxeak, Donostiako Elkar megadendako aretoan. Argitalpen horietatik bi eskualdean mamituak izan dira; bata, Jesus Mari Olaizola Txiliku idazle zarauztarraren eskutik, eta bestea, berriz, Getarian bizi den Uxue Alberdi idazle eta bertsolari elgoibartarraren eskutik. Lehenengoak Oihaneko epailea ipuina idatzi du, eta bigarrenak, Zu­re denboraren truke. Bi istorio erakargarri, biak ala biak marrazkiz jantziak, irakurle hasiberrien gozamenerako. Soberakoa opari Denboraren inguruan eraikitako istorioa da Alberdiren lan berria. «Badakigu haurrek ez dutela helduok denborari buruz dugun pertzepzio bera», adierazi du argitaletxeko editore Antxiñe Mendizabalek: «Zeharka ala zuzenean, Uxuek agerian uzten du haurrei batzutan eskaintzen diogun denbora eskasa». Arazo horri irtenbide bat bilatu dio idazleak Zure denboraren truke liburuan. Alberdik modu sinplean azaldu nahi izan du bere ipuin berrian kontagai duena: «Maddiren gurasoak denborarik gabe dabiltza beti. Maddik atzamarrekin kontatzen du denbora, erlojua irakurtzen ez dakielako. Beraz, berak ez du ulertzen denok edo gehienok atzamar kopuru bera izanda, zergatik amaitzen zaien denbora gurasoei egunero eta berari ez». Konponbidea zein izango den ere aurreratu du: «Beti zain egon behar izaten du Maddik, eta berari ez zaio zain egotea gustatzen. Orduan, denbora soberan nork duen pentsatzen hasten da, eta soberan izan dezaketen horiengana jotzen du. Haien denboraren truke zerbait emanez, denbora hori gurasoei oparitzeko». Ipuin honetarako Maite Mutuberria eltzaburuarrak egin dizkio marrazkiak. Kondairen transmizioa Txilikuk ahoz aho kontatu eta transmititzen diren istorioak «maite» dituela esanez aurkeztu du Elkar argitaletxeko editoreak Oihaneko epailea ipuina: «Ohituta gaude bere eskutik gisa horretako istorioak irakurtzera, eta, kasu honetan, haurrei zuzenduta dago». Aspaldi-aspaldiko kontakizunak jaso ditu; hau da, «animaliek eta landareek hitz egiten zekiten garaikoak». Eta uretako bufaloa bihurtu du oihaneko animalia guztien epaile. Liburuak hiru oinarri edo «hanka» izan dituela azaldu du idazle zarauztarrak. Batetik, liburu honek «istorio kartzelarioa» izan duela esan zuen. Iker Moreno marrazkilariak ilustratu zion ipuin batetik sortu zen liburuaren ideia. «Abiapuntua hori izan bazuen ere, ondoren beste modu batera antolatu zen. Beraz, zorretan nago Morenorekin, liburu hau egitera bultzatu ninduelako, baita bere marrazkiak bidali zizkidalako ere». Izan ere, Oihaneko epailea Aitziber Alonsok ilustratu dio. Bigarrenik, mito zaharrak aurpegi berriarekin jaso dituela nabarmendu du: «Munduari azalpen bat eman nahian sortutako ipuinak dira liburuan jasotakoak. Mitologian oso ohikoak dira halakoak». Liburuan jasotako kondaira gehienak Euskal Herrikoak badira ere, Txinakoren bat ere txertatu du. Hirugarrenik, argi eta garbi utzi nahi izan zuen ipuin horiek ahoz aho transmititzekoak direla: «Edo, orain, irakurri ondoren kontatzekoak».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide