Zarata eta uhin elektromagnetikoen egoeraz hausnartu dute Zarauzko ikasleek udal ordezkariekin

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 17a

Agenda 21eko udalbatzarra, Zarautzen. UKUE

Zarauzko ikastetxe guztiak Eskolako Agenda 21 heziketa-programan parte hartu dute. Dagoeneko hamargarren urtea da egitasmo hori egiten dutena. Ikasturte bakoitzean herriaren egoera aztertzen dute, gai zehatz baten diagnostikoa eginez. 2012-2013 ikasturtean, herriko zarata eta uhin elektromagnetikoen egoera landu dute, ikasgelan saio teorikoak eta irteerak eginez.

 Zarauzko ikasleek egungo egoera aztertu ondoren, herrian aurkitu dituzten arazoak konpontzeko proposamenak egin zizkieten asteazkenean udal ordezkariei. Juan Luis Illarramendi alkatea, Mikel Goenaga Herrilan zinegotzia, Alizia Osa Ingurumeneko zinegotzia, Iñaki Eizagirre Hirigintzako zinegotzia, Jabier Etxaburu Agenda 21eko zinegotziarekin bildu ziren, besteak beste, ikastetxe bakoitzeko ikasle ordezkariak. Ikasleek egindako proposamen bakoitzari erantzuna eman zieten udal ordezkariek, eta udalak etorkizunera begira dituen proiektuak azaldu.

 Modu berean, ikasleek herriko egoera hobetzearen alde hartzen dituzten konpromisoak aurkeztu zituzten.

 Zarataren inguruan, honako konpromisoak hartu dituzte:

  • zarata mugatuko duen zuhaitzen landaketan laguntzea

  • festetan hainbeste suziri eta petardo ez botatzea

  • ahal den neurrian garraio publikoa eta bizikleta erabiltzea

 Uhinen inguruan, berriz:

  • telefono mugikorren erabilera arduratsua egitea

  • kable bidezko internet konexioaren aldeko konpromisoa

"Proiektua garatu ahal izateko, hezkuntza-komunitatea eta Udalaren arteko harremana ezinbestekoa da", nabarmendu dute Urola Kostako Udal Elkartetik: "Horregatik, komunikazio hori indartuko duten bilerak burutu dira ikasturtean zehar. Etorkizunean garapen iraunkorraren aldeko apustua indartu eta Udala eta hezkuntza-komunitatearen arteko harremana sendotzeko neurriak hartuko dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide