Sanpedroen jiran jokatzen dira urtero Orioko haurren eskupilota txapelketako finalak eta, horren harira, maiatzean abian jarri nahi dute txapelketa Orioko Pilota Elkartekoek.
Benjaminetatik hasita eskola garaian dauden guztiek hartu dezakete parte txapelketan, nesketan zein mutiletan. Horretarako, izena emateko aukera zabaldu dute ikastetxeetan. Oraindik noiz hasiko den zehaztu gabe duten arren, partidak larunbat goizetan, 11:00etan hasita, izango liratekeela jakinarazi dute elkartetik. Dena dela frontoian, hedabideetan zein ikastetxeetan astero egutegia zintzilikatzeko asmotan dira antolatzaileak.
Hala ere, aurten ere boluntarioen beharra dutela esan dute Orioko Pilota Elkartekoek. Aimar Galarraga presidentearen hitzetan, elkartean kide gutxi garenez, eskertuko genuke boluntarioen laguntza partida egunetan epaile lanetan eta antolakuntza lanetan laguntzeko.
Laster jarriko da abian, beraz, urteroko haurren eskupilota txapelketa.
Squashean Alex Agirre garaile
Maiatzaren 11n Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian benjaminen, alebinen eta infantilen 3. squash txapelketa jokatu zen. Guztira urtarriletik maiatzera arte entrenatzen jardun duten 32 haurrek hartu zuten parte. Hilaren 11n, goizez ligaxka jokatu ondoren arratsaldez finalak jokatu ziren.
Final horietako batean, alebinen kategorian Alex Agirre oriotarrak Juan Sorreluzen aurka jokatu zuen. Agirrek 2 set eta 0 eginda (11-8 eta 11-7) irabazi zuen eta txapeldun geratu zen.