Garagardo Azoka antolatu dute Orion hilaren 24, 25 eta 26rako

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko maiatzaren 16a

Gaur goizean Orioko Arraun Elkarteak maiatzaren 24, 25 eta 26arako antolatu duen Garagardo Azoka aurkeztu du. "Ez dira garai onenak erakunde publiko eta pribatuetara diru eske joateko. Gu lanerako sartu ginen arraun elkartearen zuzendaritzan eta diru-sarrerak lortzeko egitasmo propioa sortzea erabaki dugu" azaldu du Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko lehendakariak. Garagardo Azoka egitasmo "xumea" izango dela azaldu dute aurkezpenean. "Herri txikien neurrikoa izango da feria, kanpotik jendea etorrriko dela espero dugun arren. 200-250 lagun ingururentzat tokia izango da mahaietan, baina nahi dutenek zutik garagardoa hartzeko aukera izango dute horretarako jarriko ditugun kupelen inguruan". Prezioak beste azoketan baino merkeagoak jarriko dituztela adierazi dute, "apal-apal" hasteko. Antolatzaileek herritarrek festan parte hartzea nahi dute eta horretarako Garagardo Azokaz gain, asteburuko egitaraua osatzeko beste hainbat ekimen antolatu dituzte plazan. Oiana Blanco judoka oriotarrari eta Imanol Agirretxe futbol jokalariari esaterako Mirotza Saria emango diete eta kirolari oriotarrek eta zarauztarrek elkarren aurka 10x10 kirol erronka jokatuko dute korrika. Gainera, kontzertuak eta estropadak antolatu dituzte eta futbol partidak pantaila handian ikusteko aukera ere izango da azokan asteburuan zehar. Prezio "merkeagoak" Bi multzotan sailkatu dituzte azokan eskainiko dituzte garagardoak. Alde batetik, garagardo arruntak izango dira eta litro erdia 2,5 euro kostako da. Bestetetik, garagardo bereziaren litro erdiak 3,5 euro balioko du. Ukondoa 9 eurotan eskainiko dute eta bi saltxitxa eta patata pureaz osatutako razioa 4 eurotan. Gainontzeko garagardo azoketan bezala, Oriokoan ere garagardoa hartzeko pitxarra erosi beharko da; litro erdiko pitxarra bi eurotan salduko dute.   Garagardo Azokako egitaraua Maiatzaren 24a, ostirala. - 19:00etan Garagardo Azokaren Irekiera ekitaldia egingo dute. Imanol Agirretxek era Oina Blancok Mirotza Saria jasoko dute. - 19:00etan erraldoiak eta buruhandiak irtengo dira kalera. -22:00etatik aurrera Gari eta Iñaki trikitilariak eta Arrutiko Intxaurrak musika taldea igoko dira oholtza gainera.   Maiatzaren 25a, larunbata. - 11:30ean 10x10 kirol erronka jokatuko da plazan. -17:00etan aulki mugikorreko estropadak jokatuko dira. - 20:45etik aurrera Chanpions Futbol Txapelketako finala emango dute pantaila handian. - Ondoren, Fun and Go erromeria taldeak kontzertua eskainiko du.   Maiatzaren 26a, igandea. - 20:00etan Erreala eta Real Madrid futbol taldeen aurkako partida emango dute pantaila handian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide