(Aiora Larrañaga/Hitza)
Urtero bezala, San Isidro jaietan aurten ere Getariako Meaga auzoko bizilagunek erretiratu den auzotar bat omendu dute. Agustina Larrarte Larrarte (Zarautz, 1948) omendu zuten atzoko ekitaldian, eta hunkitu egin zen Getariako alkate Nika Lertxundik zapia lepoan jarri eta lore sorta eman zionean. Omenaldia jai giroan ospatu zuten, prozesioa eta meza nagusia egin ondoren. Gainera, UROLA KOSTAKO HITZA-rekin berriketan aritu zen Larrate, azken urteetako lanaren inguruan.
Espero al zenuen omenaldia egingo zizutenik?
Ez nuen espero, baina iritsi da eguna. Aurten 65 urte bete ditut, eta erretiratzeko garaia iritsi zait. Oso gustura nago auzotarrek urte hauetan guztietan baserrian egin dudan lana aitortu didatelako. Oso hunkigarria izan da omenaldia, eta eskerrak eman nahi dizkiet denei.
Baserrian egin al duzu lan urte hauetan guztietan?
Bai. Ni zarauztarra naiz jaiotzez. Baserrian jaio nintzen, eta zortzi senide ginen etxean. Duela 45 urte Meagara ezkondu nintzen, eta hemen bizi naiz ordutik. Baserria izan da nire etxea eta lantokia; behiak zaindu, jaten eman, baratza landu... hori izan da nire egunerokoa urte hauetan.
Zarauztarra izanda, are garrantzitsuagoa al da meagarrek omendu izana?
Bai, noski. Oso ondo hartu ninduten meagarrek hasiera-hasieratik, eta Zarautzen jaio arren, meagarra sentitzen naiz. Benetan eskertu nahi diet meagar guztiei omenaldia egin izana. Eta esan beharra dut: oso gustura bizi naiz auzoan.