Zumaiako 'Birziklapena bai, atez atekorik ez' plataforma: "Ez da erraza izan baina lortu dugu"

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 16a

Atzo arratsaldean Zumaiako Hondakinen Mahaiak urrian abiatutako prozesuaren nondik norakoak azaldu zituzten Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformako kideek. Lortu dugu lelopean bilera egin zuten eta jende ugari bildu zen Alondegiko Oxford aretoan. Udaleko alderdiek (Bildu, Aralar, EAJ eta PSE), Zero Zabor eta Zumaiako natur  taldeetako ordezkariek eta herri plataformak askotariko proposamenak  egin dituzte mahai horretan. "Atez atekoa jarriz gero horren aurka dauden herritarrek sistema boikoteatzeko beldurra zuten zero zaborrekoek. Hori dela eta, planteamendu berria jarri zuten mahai gainean: txip bidezko edukiontzi  sistema proposatu zuten". Eta horri heltzea erabaki zuten Hondakinen Mahaia osatzen zuten aldeek. Plataforma "oso gustura" agertu da: "Ez da erraza izan baina lortu dugu guk planteatutako bi baldintzak betetzea: atez atekoa ez jartzea eta birziklapena bultzatzea". Adostu duten sistema oraingoa, bost edukiontziena, baino "itxiagoa" dela azaldu dute, baina zintzilikario bidezkoa baino "irekiagoa": "Tarjetekin kontrolatuta egongo da, baina ez ditu ordutegiak izango, esaterako".  Horrez gain, plataformakoek kontzientziazioan urratsak eman behar direla adierazi zuten, eta hori ere beteko dela esan: "Beharrezkoa da hori. Inposaketak, ordea, kontrakoa erreakzioa eragin dezake, hau da, sistema ez errespetatzea". Hori dela eta, "atzera bueltarik" ez duen sistema horretan sinesten dute Birziklapena bai, atez atekorik ez plataformako kideek. Adostasunera iritsi direla-eta, herritarrei zabor poltsak balkoietatik kentzeko eskatu zieten plataformako kideek, halaber.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide