Herritarrek baserritarren lana ezagut dezaten San Isidro azoka antolatu dute Zarautzen, iganderako

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 15a

Igandean ospatuko duten San Isidro Azokaren aurkezpena egin dute gaur Alizia Osa, Mikel Goenaga eta Karmele Alberdi zinegotziek. Oier Aranzabal San Isidro azoka egingo dute Zarautzen, igandean.  Mikel Goenaga Industria eta Nekazaritzako zinegotziak jakinarazi du ez dela «ohiko» azoka izango, harago joango da: «Baserrietan ekoizten diren produktuaz saltzeaz gain, produktu horien guztien atzean dagoen lana ezagutaraztea da azoka honen helburua, baserritarren egunerokotasuna herritarrei erakustea». Lehenbiziko sektorearen garrantzia aitortu eta ikusten ez diren lanak kalera ateratzea, alegia: «Ildo horretatik, Murtziako negutegi batean ekoizten diren tomateak eta bertan, landan, sortutakoen arteko desberdintasunak ikusi ahalko dituzte herritarrek bertatik bertara, esaterako. Haien lanaren garrantzia nabarmenduko da, eta ondorioz, zein garrantzitsua den produktu horiek kontsumitzea». Zentzu horretan, herritarrak kontzientziatzeko baliagarri izango da igandeko azoka. Guztira, 14-18 postu inguru jarriko dituzte Lege Zaharren Enparantzan, 09:00etatik 14:00etara. Ia guztiak zarauztarrenak izango dira eta askotariko produktuak salduko dituzte. Bertan eskuratu ahalko dira, era berean, Zarauzko Udalak atera berri duen baserritarren dekalogoa. Herriko sagardo eta txakolinzaleak ere izango dira udaletxe atarian. Horrez gain, animaliak eta baserriko makinaria ere erakutsiko dituzte, eta trikitilari zein bertsolariek girotuko dute azoka. Haurrentzako jolasak ere antolatu dituzte, halaber. Eguerdian Txiki Polit jatetxean bazkalduko dute, bertsolari eta trikitilariek alaituta. Alizia Osa Ingurumen zinegotziak jakinarazi du dagoeneko 40 lagunek eman dutela izena horretarako. Baserritarren eta udalaren arteko elkarlana ez da hor amaituko, ordea. «Haien beharrak ase eta eskaerak betetzen jarraitukodugu, ahal dugun neurrian», azaldu du Goenagak. Horien arteanbatzuk martxan dituzte dagoeneko. Baserri batzuetarako igarobideak txukundu, Urtetan, adibidez; baserrietako seinaleak hobetu eta baserri inguruetan suhiltzaileentzako hartuneak gerturatuko dituzte eraikinetara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide