ELAko ordezkariak, anbulatorio aurrean
(Ane Olaizola)
LABeko elkarretaratzea, plazan
(Ane Olaizola)
Maiatzaren 30ean egitekoak diren greba orokorrarekin herritarrei bat egin dezaten eskatzeko mobilizazioak hasi dituzte sindikatuek. LABek eta ELAk elkarretaratzeak egin zituzten atzo Azpeitian, bakoitzak bere aldetik, baina biek ala biek egin zuten greba orokorrerako deia. LABek antolatuta, herriko plazan bildu zen hainbat lagun, Euskal Herriak beste eredu sozial eta ekonomikoa. Independentzia! lemapean. ELAko ordezkariak, euren aldetik, gobernuak zerbitzu pubikloetan egiten ari diren murrizketak amaitzea eskatu zuten herriko anbulatorio aurrean, Osasungintzan, irakaskuntzan... Egin planto: murrizketari ez leloa hartuta.
ELAko zuzendaritza batzordeko Leire Txakartegik ohartarazi zuenez, Euskal Herriak egoera ekonomiko eta sozial «larria» bizi du. «Emergentzia sozial egoera daukagu. Diktadura ekonomiko batean gaude, eta demokrazia bera auzitan jartzen du horrek». Langile klasea «eraso bortitzak» jasaten ari delakoan da Txakartegi, botere ekonomikoak «estatu golpea» eman duelako. «Eredu soziala suntsitu nahi dute, eta horregatik uste dugu beharrezkoa dela antolatzea eta erantzutea». Hain zuzen, honek azpimarratu zuen mobilizazioa dela «bide bakarra». Horrek «baldintzatuko» baititu gobernuen erabakiak.
Fiskalitate eredu aldaketa
ELAk greba orokorra egiteko arrazoiak azaldu zituen. Espainiako Gobernuak pentsio eta lan erreforma berriak egiteko asmoa duela jakinarazi zuen, erretiratzeko adina 67 igoz eta prestazioak murriztuz, besteak beste. Halaber, aurrekontuetan egiten ari diren murrizketaren eraginez, langabezia eta pobrezia hazi egingo direla ohartarazi zuen. «Zerbitzu publikoen kaltetan datoz neurri guztiak, eta beharrizan handia dutenak prestazio sozial urriak izatera kondenatzen dituzte», berretsi zuen sindikatuak. Era berean, fiskalitate eredua alda dezatela aldarrikatu zuten, eta alderdiei eskatu zieten eztabaida horretan duten «jarrera argitzeko». «Europako bataz besteko prezio fiskala izango bagenu, Hego Euskal Herrian lau mila milioi euro lortuko genituzke urtero, eta ez litzateke murrizketarik egiteko premiarik egongo». Hala, egungo egoera iraultzeko «alternatibak» badaudela nabarmendu zuen.
Bost urtetan sei aldiz
Egungo «emergentzia egoerak» hala bultzatuta deitu dituzte ELA, LAB, EILAS, HIRU, CGT-LKN eta CNT sindikatuek eta Euskal Herriko 60 gizarte taldek herritarrak maiatzaren 30ean greba egitera, Eskubide sozial eta laboral duinak lelopean. Hego Euskal Herrian azken bost urteetan egitekoa duten seigarren greba orokorra izango da maiatzaren 30ekoa.