Parte-hartzaileak korrika Pagoetako Mendi Lasterketan, iaz. Bittor Mutiozabal.
Pagoetako Mendi Lasterketa jokatuko da hamargarrenez igandean, eta dagoeneko 190 lagunek eman dute izena bertan parte hartzeko. Antolatzaileek 225 parte-hartzailetan jarri dute muga;interesa dutenek oraindik lasterketa horretan parte hartzeko aukera dute, hortaz. 18 urtetik gorako edonork eman dezake izena,
www.herrikrossa.com helbidean. 15 euroko kostua izango du.
Lasterketak ohiko ibilbidea izango du: Zarauzko Azken Portu auzotik Pagoetako gurutzera joan-etorria, alegia. 15 kilometroko luzera izango du eta 1.468 metroko gorabehera metatua. Irteera eta helmuga Azken Portu auzoko Guria taberna aurrean kokatuko da; irteera 10:00etan egingo dute. Ohi bezala, bi maila egongo dira: emakumezkoena eta gizonezkoena.
Askotariko sariak
Kategori bakoitzeko lehenengo hirurak jasoko dute saria, eta baita maila bakoitzeko lehenbiziko zarauztarrek ere. Ibilbidea gehienez bi ordu eta erdian egin beharko dute parte-hartzaileek. Denbora barruan egiten dutenek elastiko eta opari bana jasoko dute Horrez gain, beste hainbat opari zozkatuko dute.
Sari bereziak ere izango dira. Oihana Kortazarrrek jarritako marka (01:12:01) hausten duen emakumeak 300 euro eskuratuko ditu. Diru kopuru bera jasoko du ibilbidea 01:01:14 denbora baino lehenago egiten duen gizonezkoak. Didier Zagok hautsi zuen errekorra denbora horrekin.
Anoa eta osasun laguntza postuak
Bi kontrol jarriko dituzte. Lehenbizikoa Sabore Berrin (5,5 kilometroan), irteera eman eta handik ordubetera itxikoa da. Bigarrengoa, berriz, Pagoetako gurutzean egongo da. Hiru anoa postu jarriko dituzte: 5,5 kilometroan, 7,2 kilometroan eta 9, 5 kilometroan, hain zuzen. Osasun laguntzari dagokionez, antolatzaileek sorospen eta salbamendu zerbitzuak atonduko ditu ibilbideko puntu estrategikoenetan.
Bestalde, Zarauzko Udal Kiroldegiko aldagelak eta dutxak erabili ahalko dituzte lasterkariek proba amaitu ostean.
Informazio gehiagorako
klikatu gainean.