Estresa gainditzea, norberaren esku

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko maiatzaren 15a

Simon Marmier sendagilearen jarraibideak. Nola gainditu estresa?
  • Atseden txikiak hartu behar dira. 5-15 minutu ingurukoak hain zuzen ere.
  • Errendimendu egokia izateko gehiago jan beharra dago. Elikadura osasuntsua mantentzean harreman zuzena du estres mailarekin.
  • Ura edan behar da. 1-2 litro ur egunean.
  • 6-7 ordu baino gehiago egin behar da lo, egunerokoan errendimendu egokia izateko. Kantitatea eta kalitatea hartu behar dira kontutan.
  • Bizkarrezurra zuzen izan behar da. Horrek babesten du gorputzeko funtzioak kontrolatzen dituen nerbio sistema.
Estresa, presa eta erritmo bortitza herritar askorentzat eguneroko kontua izaten dira. Gero eta gehiago dira bizimodu azkarrari aurre egiteko hainbat teknika lantzen duten herritarrak, eta hori jakinda, Aiako kultur etxean gaiaren inguruko hitzaldia eman zuen astelehenean Simon Marmier sendagileak . Emakumezkoak izan ziren hitzaldian bildu ziren herritar guztiak, eta euren egunerokoan izaten dituzten estres egoerak eta horiek gainditzeko teknikak eta bideak izan zituzten hizpide. Gaixotasun askoren arrazoia Marmier sendagileak argi azaldu zuen hitzaldiaren hasieran: familiako medikuak artatzen dituen kasuen %75-95 estresarekin erlazionatutakoak dira. «Guztioi eragiten digu estresak, eta hori gainditzeko ekintza plana izatea beharrezkoa da». Doktorearen esanetan, ezinbestekoa da norberak identifikatzea zerk sortzen dion estresa. «Arazo ekonomikoak, familia arazoak, lan karga, presioa... Horiek denak denboran elkar hartzen dutenean, estresa sentitzen dute herritarrek», azaldu zuen. Egunerokoan aldaketatxoak Estresari aurre egiteko 5-15 minutuko atsedentxoa hartzea garrantzitsua dela adierazi zuen sendagileak. «Paseotxo bat ematea, luzaketa errazak egitea, zerbait arina jatea edota arnasketa sakonak egitea izango litzateke atsedentxo txikiak egitea». Bestalde, Marmierren iritziz egoki elikatzea ere oso garrantzitsua da estresari aurre egiteko. «Elikagai naturalak jan behar dira, prozesatu gabekoak. Ahal den heinean azukrea eta gozogarriak saihestu egin behar dira, baita trans direlako koipeak ere». Horretaz gain, egunean zehar hartzen den kafeina kopurua gutxitzea ere ezinbestekoa dela uste du sendagileak. «Otorduen ondoren, laneko atsedenaldietan edo lagunekin elkartzen garenean kafea hartzeko ohitura izaten dugu. Egunean hartzen ditugun kafeak zenbatzen baditugu, bizigarri asko hartzen dugula konturatuko gara, eta hori bizitza lasaia izateko oztopoa da». Bestalde, 1-2 litro ur edan behar dela nabarmendu zuen Marmierrek. «Horren bidez kanporatzen baititugu gure gorputzeko toxinak». Gorputzak atseden hartzeko behar duen ordu kopurua lo egitea ere garrantzitsua dela nabarmendu zuen. «Orduez gain, loaren kalitatea ere garrantzitsua da. Lo ondo egiteko argia itzali beharra dago, gure gorputzak argiaren arabera erregulatzen baitu loa. Horretaz gain, gora begira edo albozko egin behar dugu lo, eta inguruko soinua saihestu behar da. Bikotekideak zurrunka egiteak, esaterako, bikotearen loa oztopatzen du, eta horrek estresa sor dezake». Bizkarrezurrak eragin zuzena Jende askok estresarekin lotzen ez badu ere, Simon Marmier sendagilearen esanetan, «bizkarrezurraren lerrokatzeak erlazio zuzena» du estresarekin. «Bizkarrezurrak nerbio sistema babesten du eta azken hori estresa sortzen diguten faktoreei aurre egiteko ezinbestekoa da. Bizkarrezurra okerra duten pertsonen nerbio sistemak ez du dagokion bezala funtzionatzen, eta horrek estresa, sumingarritasuna, urduritasuna eta egonezina sortzen du pertsonengan», zehaztu zuen sendagileak Aiako hitzaldian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide