Izarraitz Mendi Lasterketa, iaz
(Nerea Uranga/Hitza)
Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatuta, VII. Izarraizko Mendi Lasterketa jokatuko dute igandean; elkarteak ohiko ibilbidea prestatu du beste urte batez, eta beraz, parte hartzaileek 21 kilometro eta 97 metroko bidea izango dute egiteko. Azkoitiko Balda Plazan hasiko da proba, 10:00etan, eta handik Kakutera joango dira. Ondoren, Attola eta Erlo zeharkatuko dituzte, eta herrian amaituko dute lasterketa. Parte hartzaileek 2.800 metroko gora behera izango dute guztira.
Bertan parte hartzeko aurrez izena emateko epea dagoeneko itxi dute antolatzaileek; Interneteko www.kirolprobak.com atarian izan dute horretarako aukera atzora arte, eta momentuz 70 lagun pasatxok eman dute izena. Dena den, lasterketako egunean bertan ere eman daiteke izena, 08:30eatik 09:30eara artean, Balda Plazan, 20 euroren truke. Gehienezko korrikalarien kopurua 225 lagunetan zehaztu dute, eta aurreko urteetan 100 korrikalari inguruk parte hartu izan dute; «aurten ez dugu uste aurreko urteetako kopurura iritsiko garenik, eguraldi txarra dagoelako iragarrita», adierazi dute antolatzaileek. Sariei dagokienez, helmugara iristen diren lehenengo hiru emakumezkok eta gizonezkok trofeoa eta diru saria jasoko dute, eta lehenengo azkoitiar emakumezkoari eta gizonezkoari ere banatuko dizkie trofeoak; parte hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dituzte, gainera.
Boluntario bila
Lasterketaren harira, Anaitasuna Mendi Bazkunak antolakuntza lanak egiteko eta bidegurutzeak zaintzeko boluntarioak behar ditu. Lagundu nahi duenak Anaitasunaren lokalean jaso ditzake azalpenak, gaur, 21:00etan. Lasterketaren inguruko informazio gehiago, berriz, www.anaitasuna.org helbidean dago.
Izarraizkoaz gain, beste mendi lasterketa bat ere izango da igandean eskualdean; Zarautzetik hasita, Pagoeta Mendi Lasterketa jokatuko dute.