Izarraitz, Elosiagatik (Nerea Uranga/Hitza)
Pagoeta eta Izarraizko mendiguneak KBE Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak. Izarraizko eta Pagoetako espezieak eta eremuak ekologikoki «funtsekoak» direla jo ditu Jaurlaritzak, eta horiek babestu ahal izango ditu Jaurlaritzak, hartuko dituen neurrien bidez.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuorde Josean Galerak bi eremuetako «aberastasuna» nabarmendu du. Pagoetari dagokionez, mendiko fauna «aberatsa» dela adierazi du: «Atlantikora ematen duten euskal ibarren landa-paisaiaren lekuko bizia da Pagoeta, eta mota askotako habitatak ez ezik, basa-fauna eta floraren hainbat espezie du baitan». Animaliei dagoekienean, 165 espezie identifikatu dituzte.
Jaurlaritzak hango baso autoktonoak eta interes ekologiko handiko zuhaitzak hartu ditu kontuan, eta
Woodwardia radicans, Vandeboschia speciosa edota lilipa arruntaren (
Narcissus pseudonarcissus) presentzia azpimarratu du. Belardi eta larreetan bizi da. Halaber, kakalardo adarluze alpetarra, arkanbelea, kaprikornio handia eta saguzarren
presentzia identifikatu dute gunean. Pagoetako mendiguneak Aia, Zestoa eta Zarauzko udalerrietako lurrak hartzen ditu , eta 1.300 hektarea baino gehiago ditu. natur parkea da Pagoeta, eta basoak eta soroak ditu nagusi.
Fauna, flora eta arkeologia
Izarraitz, berriz, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa udalerrietan dago banatuta, Debarekin batera. Euskal Autonomia Erkidegoko Natura 2000 sareko parte da, eta Garrantzi Komunitariodun Lekua da 2004. urteko abenduaren 7az geroztik. Orduan onartu zuen Europako Komisioak eskualde biogeografiko atlantiarreko GKL zerrenda. Izarraizko fauna eta floraz gain, hango ondare arkeologikoa ere nabarmentzekoa da. Ekain, Ukirre Aitz, Gurutzepe, Aitz-Ustun edota Urkitte Aitz kobetako ondarea, zehazki. «Interes handiko» hegaztitzat jo ditu Jaurlaritzak antzandobia, arrano sugezalea eta zapelatz liztorjalea. Landarediari dagokoinez, lilipa eta azeri-mahatsa, berriz, mehatxupean daudela adierazi du. Baso autoktonoak, larreak, errekako karramarroa eta sagurzarrak eta bestelako kiropteroak babestu eta bermatzeko neurriak hartuko ditu aurrerantzean Jaurlaritzak.
Pagoetako eta Izarraitzko mendiguneak, Hernio-Gazumerekin batera izendatu dituzte Kontserbazio Bereziko Eremu. Duela bi aste izendatu zuten hala Hernio-Gazume, baso aberatsak eta belardi oparoak eta barrunbe eta haitzulo ugari dituelako. 19 dira Jaurlaritzak izendatutako Kontserbazio Bereziko Eremuak.