Zine erakusketan 13 euskal artisten margolanak eta eskulturak ikus daitezke; aldi berean, filmak ikusteko kabina bat atondu dute (Argazkia: Ispilu Arte)
Modelo aretoa biziberritzeko eta dinamizatzeko konpromisoa hartu dute hainbat herritarrek eta eragileek, eta ekimenari bultzada ematen ari direnen artean, Ispilu Arte kultur elkartea dago. Herriko zinema bakarraz arduratuta, arte plastikoa eta zazpigarren artea lotzeko ahalegina egin eta
Zine izeneko erakusketa kolektiboa zabaldu berri dute Ispilu Artek bere galerian. Erakusketa bi zatitan banatuta dago, nolabait esateko. Alde batetik, artelanak paratu dituzte eta, bestetik, ikus-entzunezkoen emanaldiak eskaintzen ari dira.
Egitasmoan 13 euskal artista ezagunen margolanak eta eskulturak ikus daitezke: Juan Luis Goenaga, Asier Laspiur, Martxe Arana, Aitor Sarasketa, Iñigo Ormazábal, Josean Legorburu, Maite Unzurrunzaga, Iñaki Ruiz de Egino, Xanti Iruretagoiena, Baroja Collet, Lola Sarratea, Antonio Peña eta Viki Claramuntenak, hain justu ere. «Artistei proposatu genienean, zinema ardatz hartuta sortu zezateela eskatu genien. Era berean, Modelo aretoa aurrera eramateko lanean gabiltzala azaldu zitzaien guztiei. Beraz, oinarri horiek zaldu genizkien deialdiarekin batera».
Abiapuntua jarrita, denetariko lanak bildu dituzte galerian. Mertxe Aranak eta Baroja Colletek fotogramak irudikatu dituzte; Josean Legorburuk ere serien errepikapena aurkeztu du, zinemaren mugimendua islatu nahian. Maite Unzurrunzagak Metropolis filmaren kartela margolan abstraktu batekin uztartu du. Abstraktuak dira, aldi berean, Jose Luis Goenagaren margoak eta Xanti Iruretagoienaren eskulturak. Figuratiboak eta tematikoak, berriz, Viki Claramunt eta Iñigo Ormazabalenak: biek ala biek Modelo aretoa aurkeztu dute; lehenak maketa-eskultura gisa, eta bigarrenak margolanean.
Viki Claramuntek Modelo aretoaren maketa aurkeztu du (Argazkia: Ispilu Arte)
Film emanaldiak
Erakusketa zinema esperimentaleko film emanaldiekin osatu dute. Inaugurazio egunean, joan den ostiralean, proiektatu zuten lehenengoa: Dziga Vertov zuzendariak 1929an filmatutako
El hombre de la camara, hain zuzen ere. Gaur, berriz, bigarren ekoizpena emango dute,
Requiem por el cine sovietico izenekoa.
Gaurkoa, proposamen «berezia» izango dela aurreratu du Ispilu Arteko arduradunak: «Filmatu gabe geratu zen. Hitcher-ek eta Malevich-ek film bat egitea erabaki zuten. Lanak abstraktua behar zuen, suprematrismoarekin lotura zuzena zuena, eta marraztu ere egin zuten, baina inoiz ez zuten errodatu». Orain, haien ideia oinarri hartuta, galeriako artista Viki Claramuntek eta Mar Agirrek muntaia egin dute. «Bere garaian egin ez zena, orain egin da».
Arratsaldeko 19:30ean emango dute ikus-entzunezkoa, galeriako horma pantaila bihurtuta. Iraupen oso laburra duenez, behin eta berriro errepikatuko dute. Ispilu Arteko arduradunak azaldu duenez, aipatutako bi ikus-entzunezkoez gain, beste pare bat emango dituzte erakusketak irauten duen bitartean: ekainaren 7ra arte, zehatz-mehatz.
«Filmak egun batean emango ditugu, baina ondoren ere ikusteko aukera izango dute ikusleek. Horretarako kabina bat prestatu dugu galerian; hau da, ordenagailu, besaulki eta aurikular batzuekin hornituta. Beraz, erakusketan zehar emango ditugun filmak bertan topatu ahal izango dira, edozein unetan ikusteko», aditzera eman du Eizagirrek.