Lagun bat galdu du mendiak

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 14a

Mendia maite, eta mendian lagunartean ibiltzea atsegin zuen Benantxio Irureta (Zestoa, Aizarna, 1953) mendizaleak. Larunbatean hil zen, Aneto (3.404 metro) mendian istripuan. Azpeitiko lagun talde batekin zebilen, eta amildegi batean erorita zendu zen. Larunbatean autopsia egin, eta igandean iritsi zen Azpeitira Iruretaren gorpua. Igande arratsaldean Azpeitiko tanatorioa zabalik egon zen, eta jende ugari bildu zen han. Atzo goizean Iruretaren hilotza Azkoitiko tanatoriora eraman zuten, errausteko. Arratsaldean, berriz, Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunaren egoitzan egon ziren errautsak. Eta jendetza bildu zen; Felipe Uriarte, Josu Bereziartua eta Joxe Ramon Agirre Marron mendizaleak tartean, eta Aizarna, Aizarnazabal, Azkoitia eta inguruko herrietako bizilagun ugari. Parrokiara bidean, mendizaleek pioletekin arkua egin zuten, eta hura zeharkatu zuten errautsek. Hileta elizkizunean Xebaxtian Lizasok bertsoak abestu zituen. Eta parrokiatik irtetean aurreskua egin zuten Iruretaren omenez. Irureta Azpeitiko eta inguruko mendizaletasunaren erreferentzia izan da azken hamarkadetan. 34 urtean Azpeitian bizi zen. Uztarria aldizkarian 2011ko udan egindako elkarrizketan aitortu zuen Azpeitian sortu zitzaion mendiarekiko grina. Himalaian, Andeetan, Alpeetan, Pirinioetan ibilia, hainbat mendi igotakoa zen. Zortzi milako bat ere egina zuen: Yalung Kang (8.505 metro), 1988an, Azpeitiko espedizioarekin. Aurten 25 urte beteko dira espedizio hura egin zutela. Udan Kirgizistango Lenin (7.134 metro) mendirako asmoa zuen. Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunako batzordeko kidea zen Irureta, «Gaur egun ere hainbat eta hainbat lan egiten zuen elkartearentzat», esan dute mendi bazkunakoek. Poz handiak eman zizkion mendizaletasunak Benantxio Iruretari, baina baita «une garratzak» ere. 2001ean Pumori mendirako espedizioan joan zen Irureta, eta espedizio hartako bost kide hil ziren istripu batean; tartean, Beñat Arrue azpeitiarra eta Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra. «Ahaztu egin behar dudala esaten didate behin baino gehiagotan, baina nik ez dut ahaztu nahi. Pumoriko istripua nire bizitzako parte da», zioen Aizarnakoak. «Aizarna bihotzean» Azpeitian bizi arren, Aizarnarekin lotura estua izan du beti. «Aizarna beti eduki du bihotzean. Saiatzen zen libre zegoen guztietan Aizarnara etortzen: baratzara, mendian ez bazen larunbat iluntzetan afaltzera... Ez zeukan Aizarna ahaztuta», dio Joxe Mari Gurrutxaga aizarnarrak, Benantxio Iruretaren betiko lagunak. «Ni baino urte batzuk zaharragoa zen, baina gogoan dut eskolara joan nintzen lehenengo aldian bere aldamenean eseri nintzela», dio Gurrutxagak. Ordutik beti izan du lagunarteko harremana Iruretarekin. «Kolpe handia izan da. Hutsunea antzemango dugu Azpeitian ezezik Aizarnan ere. Denekin ondo moldatzen zen, adin guztietako jendearekin, mundu guztiarekin. Lagunartean atsegina zen, ez zen inoiz haserretzen». Mendiak emandako gauzarik onenetakoa «lagunak» zirela zioen Iruretak. Azken urteotan belaunaldi gazteagotako mendizaleekin ibili zen asko mendian; gustura ibiltzen zen gazteekin. Haren mendi lagunek diotenez, «maisua» zen. Lenin mendirako asmoa Anetora joan aurreko igandean egon zen Gurrutxaga azken aldiz Iruretarekin. «Balaitusen egon zen gazte batzuekin, eta eguerdian etorri zen Aizarnara. Aspaldi ikusi nuen animosoena zegoen. Oso indartsu ibili zela, bidea berak ireki zuela kontatu zigun». Udan mendira joatekoa zen Irureta, Azpeiti, Azkoiti, Aizarna eta Nafarroako lagun batzuekin batera. «Horregatik, hara joan aurretik bere asmoa Pirinioetako mendi altuetan ibiltzea zen. Berak zioen Leninerako buelta denbora gutxikoa zela, eta aklimatatzeko ondo prestatuta joan nahi zuela. Oso-oso animoso zegoen, bere burua indartsu ikusten zuelako. Egundoko ilusioa zuen. Anetora joateko asmoa zuela ere aipatu zidan, eta gertatu dena gertatu da». Kanpoko mendi handietara joan zalea zen, baina bertakoak ere maite zituen. Hala zioen orain dela bi urte Uztarria-n: «Behin ere ez zaizkit hemengo mendiak txiki geratu. Asko maite ditut. Hemen ere oso gustura ibiltzen naiz». Mendiak eta bere inguru guztiak bete egiten zuten Irureta. Eraman ere mendiak egin du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide