Iribarrena kaleko bizilagunak etxetik euren ondasun batzuk ateratzen, pasa den astelehenean. Aiora Larrañaga.
Oraingoz Iribarrena kaleko 12 familik etxetik kanpo jarraitu beharko dute. Hala jakinarazi die gaur eguerdian Nika Lertxundi Getariako alkateak. Haren arabera, ikerketa gehiago egin beharra dago: "Ingeniaritza enpresa bati eskatu diogu gunea ikertzeko. Informe horrek ondorioztatuko du zein lan egin beharko diren arazoa behin betirako konpontzeko. Ez da bost edota hamar urterako erantzuna izango; erabateko irtenbidea bilatzeko beharrezko lanketak zehaztuko ditu". "Horrek ez du esan nahi, ordea, azterketa egin ondoren bizilagunek euren etxeetara itzuli ahalko dutenik", gaineratu du.
Pitzadura txikiak azaldu diren arren, momentuz etxearen estruktura "sendo" dagoela dio, "arrisku zuzenik" ez duela: "Labar zati handi bat jausi den arren, erori ez den zatiak arazoak eman ditzake, ordea. Ez dakigu noiz eroriko den ezta zenbaterainoko kaltea eragingo duen ere". Erabateko ziurtasuna izan ezean, etxeak hutsik mantenduko dituzte, bizilagunen "segurtasuna" bermatze aldera.
Pasa den igandean, 22:30a aldera, Menditxo deritzon komunitatearen azpiko labar zatia eta etxearen eta amildegiaren arteko 20 metro petril erori ziren Viveros San Anton enpresara, eta ondorioz pareta babesten zuen sarea apurtu. Astelehenean aurre azterketa egin ostean, astebetez 9. eta 11. eskaratzetako etxebizitzak hutsik mantentzea erabaki zuen Getariako Udalak.
Itsasoaren higaduragatik murru naturala mehetu eta eraikina eta amildegiaren arteko tartea murriztu denez, badaezpada, ingurunearen azterketa geologiko sakonagoa egitea adostu zuen, «ikusten ez dena baloratzeko, bistakoa bistan baitago». Aymat Geoteknia elkartea aritu da gunea ikertzen. Besteak beste, harrizko horma bera eta etxearen zimenduak aztertu dituzte.
Luizia gertatu den gunean zimenduak epe motzean soilik direla seguruak nabarmendu zuen Ladislao Aymat geologoak, Zati horren ertza amildegitik metro batera geratu dela jakinarazi zion UROLA KOSTAKO HITZAri. Oinarrian dagoen harri zatia egoera onean dagoela zehaztu zuen, ordea.
Orain, astebeteko epea igarota, beste ikerketa bat abiatuko du ingeniari talde batek, arazoari behin betiko irtenbidea bilatze aldera. Behin zein lan egin beharko diren zehaztuta, lan horiek egitea nori dagokion erabaki beharko dute, Getariako Udalari ala Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzari, hain zuzen.