Presoen argazkiak jartzeagatik zigortutako Aritz Arzallus azpeitiarra absolbitu du Auzitegi Gorenak

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 13a

[Berria.info] Auzitegi Gorenak absolbitu egin du Aritz  Arzallus, eta ebatzi du euskal presoen argazkiak jarrita ez zuela "terrorismoa goratu". 2011n Azpeitiko jaietan Gotzon Aranburu presoaren argazki bat jarri zuela-eta, espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak Arzallusi. Ekintza horrekin, ordea, deliturik ez zuela egin uste du Auzitegi Gorenak, eta gaineratu du "zilegi den eskari bat" plazaratzeko asmoa baino ez zuela izan. Fiskalak eskatu zuen urtebeteko espetxe zigorra bere horretan uzteko, eta defentsa abokatuak, berriz, argudiatu zuen Arzallusek ez zuela ETA goratzeko asmorik izan. "Ez zuen zentzu horretan inolako lelorik azaldu, soilik euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatu zuen". Auzitegiak frogatutzat jo du, beraz, Arzallusek Aranbururen argazkia jarri zuela, baina ez du uste "ETAko kideak goratzea" izan zenik bere asmoa, ezta "biktimak iraintzea" ere. Auzitegi Gorenaren arabera, presoak "euren etxeetatik gertu dauden espetxeetara eramateko nahia" adierazten du Arzallusen ekintzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide