Espetxeratu egin dituzte Eizagirre eta Frantzian atxilotutako beste bost lagunak

Urola Kostako Hitza 2013ko mai. 12a, 11:52

'Euskal Herrian bakea behar du' lelopean elkarretaratzea egin dute Zarautzen. Parisko Auzitegi Bereziak espetxera bidali ditu Ekhiñe Eizagirre zarauztarra eta asteartean Frantzian atxilotutako beste bost lagunak, Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, eta Kepa Arkauz. "Helburu terroristadun gazkile taldeko kide" direlakoan kartzelaratu dituzte, zehazki. Erakunde armatuak indarkeria baztertu eta armak uzteko asmoa azaldu duen arren, «terrorismo ekintzak prestatzea» eta «antolatutako talde armatuko kide» izatea egotzita, haiek seirak espetxeratzeko eskatu zion atzo Fiskaltzak Parisko Auzitegi bereziko epaileei, berri agentziek jakitera eman dutenez. Fiskalaren eskaera bete, eta seei «helburu terroristako gaizkile taldeko kide» izatea leporatu, inputatu eta espetxeatzeko agindua eman zuen. Blois, Brive-la-Gaillarden eta Montpellier hirietan atxilotu zitzuten ustezko sei etakideak. 600 kilometroko eremuan hiru kolpe eman zituen aldi berean Frantziak, ohikoa ez duen gisako sarekada eginez. Ostegunean eraman zituzten Parisko inguruetan dagoen Terrorismoaren Kontrako polizia-etxe berezira, eta atxiloketa epea pasatuta, atzo eraman zituzten epaileen aurrera. Atxiloketak Frantzian egin zituzten arren, Espainiako Barne ministroak ere eman zituen azalpenak asteartean, eta «ETAren hornikuntza adarraren muina» desegin zutela esan zuen Jorge Fenandez Diaz Barne ministroak. Zuloen kudeaketaz arduratzea egotzi zien Goikoetxeari eta Adunari, dokumentuak faltsutzea Eizagirreri eta Arkauzi, eta autoak lapurtzea Uriarteri eta Mendizabali. «Jarduera aktiboa» zutela esan zuen gainera Fernandez Diazek. Nolanahi ere, ez zuten eman atxilotuei atzemandako materialaren inguruko informaziorik. «Gutxienez arma bat» atzeman zutela besterik ez zuen jakinarazi Frantziako Poliziak. Elkarretaratzeak Atxilotuak espetxeratzeko aginduaren berri izan aurretik, elkarretaratzeak egin zituzten atzo eguerdian Euskal Herriko haibat udaletxe aurretan, konponbidearen alde. Euskal Herriak bakea behar du leloarekin egin zituzten elkarretaratzeak. Tartean, Zarauzko udaletxe parean, 12:00etan. «Behin betiko urratsak» egin ditzaten eskatu zieten Espainiako eta Frantziako gobernuei auziaren konponbidea lortzeko bidean. Zarauzko hainbat eragilek bilkura egin zuten ostiralean, eta Zarauzko Herrira-k jakinarazi duenez, bi ekimenen inguruko konpromisoa hartu zuten: Euskal Herriak bakea behar du lelopean elkarretaratzea egitea (atzo egin zuten), eta egoeraren diagnosi egin eta aurrera begirako urratsak denen artean zehaztea. Espainiako eta Frantziako estatuek orain arte erakutsi duten jarrerak, ordea, ez du laguntzen bide horretan, eragile sozial, politiko eta sindikalek salatu dutenez. «Egunotako jarrerek, atxiloketek bezala, ez dute laguntzen bake agertoki bat finkatzen, eta horixe da hain zuzen euskal gizarteak eskatzen duena», esan zuenBakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak Iruñean egin zuten elkarretaratzean. Ruizez gain Adonfo Muñoz ELAko idazkari nagusia ere izan zen Iruñeko elkarretaratzean. Ruizen esanetan, «euskal gizarteak behin betiko bakea lortzeko konpromisoa berretsi du beste behin», eta «gobernuek borondate politikoa» izan beharko lukete, «konpromiso horrekin bat egiten dutela erakusteko».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide