Urola Kostako baserri-paisaiek gordetzen dituzten altxorrak agerian jartzeko asmoz Urkomek partaidetza saioa antolatu du maiatzaren 14rako Zarautzen. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Etxezabalan. Saio horren helburua orain arte egindako azterketatik ateratako ondorio nagusienak eztabaidatzea eta landa-paisaien balioa agerian jartzeko ekintzak lantzea dira.
Baserri paisaiak balioan jartzeko proiektuaren baitan orain arte egindako lanak agerian utzi du euskal kulturaren testuinguruan esanahi berezia dutela, bertako nortasuna, historia eta kulturaren oinarrizko elementu direlako, sinbolismoz beteak. Egun paisaian ikus daitezkeen hainbat elementu eta ezaugarri beste garai bateko baserriko kulturaren oinordeko direla argi ikus daiteke, "onerako eta txarrerako atzean utzitako garaien arrastoa, noizbait herri bezala izan ginen hori gogora ekartzea ahalbidetzen digun ebidentzia".
Bestetik, baserri-paisaiak lehen sektorearen euskarri fisikoa dira, baserritarren jarduna burutzen deneko tokia, eta lehen sektoreari esker sortu eta mantentzen dira gizarteak miresten dituen baserri-paisaien balioak. "Jarduera hauen aitorza eta baserriko bizimoduaren duintasuna hobetzeko proposamenak ezinbestekoak dira baserri-paisaien kalitatea mantentzeko. Halaber, etorkizunera begiratzea ere ezinbestekoa da, hurrengo belaunaldiei eskualdeko landa-paisaiei dagokienez utzi nahi diegun herentzia zein izango den guztion artean erabakitzeko. Bide horretan proposamenak egitea bilatuko du partaidetza saioak, eskualdeko baserri-paisaietarako ekintza zehatzak mahai gainean jarriz"
Saioaren ondoren, proposatutako ekintzetan sakonduko da eta horiek eskualdeko administrazioei eta eragile sozial zein ekonomikoei aurkeztuko zaizkie, hurrengo urteetan ekimenak gauzatzeko asmoz. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute. Horretarako
paisaia.atl@paisaia.com helbidera mezua bidali edota 686 738 152 edo 943 335048 telefono zenbakietara deitu ahalko da.