Azkoitian atzo arratsaldean egin zuten manifestazioaren irudi bat (Ane Olaizola/Hitza)
Espainiako Gobernuak gaur onar lezake hezkuntza erreformatzeko legea Parlamentuan. PPk aurrera eraman nahi duen lege hori, Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoa delakoa (LOMCE gaztelaniaz) salatzeko mobilizazioak egin zuen atzo eskualdeko zenbait ikastetxek, arlo horretan egitekoak diren murrizketak baztertzeko eskatuz. Azkoitiko Xabier Munibe ikastolako irakasleek deituta, auto karabana egin zuten arratsaldean Azkoititik Zestoara, eta bidean Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Zestoako Herri Eskolak ere ekimenarekin bat egin zuten, besteak beste. Ondoren, Azkoitiko ikastolako dozenaka kidek eta gurasoek manifestazio zaratatsua egin zuten herriko kaleetan zehar, Espainiako Gobernuari hezkuntza erreforma bertan behera uzteko eskatuz. Horietako irakasle batzuk, gainera, kanpaldia egin zuten bart, eta gaua herriko plazan igaro zuten.
Xabier Munibeko ikastetxeko irakasle Juli Bidegainek eta Onintza Zubeldiak gogor salatu dute lege proiektua. Erreformak ikasletxe publiko, pribatu zein itunduei ondorio «larriak» eragingo dizkiela azpimarratu dute, eta hezkuntza sistemarentzat «izugarrizko atzerapausoa» izango delakoan dira. «Legea onartzen bada, duela 30 urteko hezkuntza eredura itzuliko gara», diote. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak aurkeztutako erreforma «atzerakoia», «antidemokratikoa» eta «klasista» dela uste dute, eta euskararen aurkako «erasoa» dela salatu dute. Izan ere, legeak irakasgaiak mailakatzea aurreikusten du, eta horrekkin euskara «hirugarren mailakoa» bihurtuko litzateke. «Euskara ingelesaren atzetik kokatu dute. Hori lotsagarria da».
Ikasgaiak mailakatzearekin batera, musika, plastika edota Hiritartasunerako Hezkuntza Teknologia irakasgaiak «desagerrarazi» egingo lituzkete. «Azken urteetan izugarrizko lana egin dugu horiek oinarrizko irakasgaiak izan daitezen, eta orain balio guztia kendu nahi diete». Erlijioak, aldiz, presentzia handiagoa izango duela jakinarazi dute: «Behin eta berriz aldarrikatu dugu eskolek laikoak izan behar dutela».
Auto karabana, Zestoatik Azkoitira bidean
(Nerea Uranga)
Hezkuntza erreformak ikasleak «bereiztu» eta horien artean «lehiakortasuna» bultzatuko duelakoan dira irakasleak, eta «hezkuntza pribatizatzeko» urratsa dela salatu dute. «Aldiro-aldiro eskola amaierako azterketak egin beharko dituzte, eta puntuazioaren arabera banatuko dituzte diru-laguntzak».
«Antidemokratikoa»
«Legea martxan jartzen bada, ikastetxeko zuzendariak du hitz eta boto bakarra», dio Zubeldiak. Horien arabera, legeak eskola kontseilu edo gurasoei murriztu egingo lieke ikasleen heziketan eragingo duten erabakietan parte hartzea. Hori hala, «sistema demokratiko bateko kide» izan nahi dutela aldarrikatu dute.
Irakasleek bat egin dute EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak plazaratu duen manifestuarekin, eta «orain arte lortutako guztia mantentzea eta hobetzea» dute helburu. Ohartarazi dute abiatu nahi duten erreformaren inguruan «ezjakintasun handia» dagoela.
Azkoitian ez ezik, Zarautzen ere egin zituzten mobilizazioak atzo, Orokieta ikastetxeak deituta, eta bilera informatiboa egin zuten eskualdeko ikastetxe batzuk. Orokietako liburutegian elkartu ziren arratsaldean, eta LOMCE legea zertan den azaltzeaz gain, aurrera begirako balizko mobilizazioen inguruan eztabaidatu zuten.
Auto karabana, Zestoatik Azkoitira bidean
(Nerea Uranga)