OBB Sofbol Taldeak euskal derbia irabazi du

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 9a

Orioko OBB Sofbol Taldeak Espainiako Ohorezko ligako bi partida jokatu zituen pasa den asteburuan Orioko Mendibeltz zelaian Atletico San Sebastian taldearen aurka eta bi garaipen lortu zituzten oriotarrek euskal derbian. Taldeko ordezkariak "oso gustura" daude jokalariek "maila ona" eman zutelako eta ligako sailkapen nagusian lehen postuan jarraitzen dutelako; bigarren postuan sailkatuta dagoen San Boi talde kataluniarrari bi garaipeneko aldea ateratzen diete oriotarrek. Partida "estua" Pasa den asteburuko lehen partida "estua" izan zela nabarmendu dute OBB taldeko kideek,  oriotarrek bigarren sarreran bi lasterketa egitea soilik lortu baitzuten. "Hortik aurrera bi taldeetako pitcherrek bateatzaileak ederki kontrolatu zituzten eta OBBren defentsa paregabeak ez zion donostiarrei punturik markatzen utzi" azaldu dute. Azkenean, partida 2-0 emaitzarekin amaitu zen eta oriotarrentzat izan zen garaipena. Bigarren partida ez zuten fin hasi oriotarrek, baina partidari buelta ematea lortu zuten eta 13-2 emaitzarekin irabazi zuen partida etxeko taldeak. Hilabete amaiera arte Orioko OBB Sofbol Taldeak ez du beste partidarik jokatuko. Maiatzaren 26an izango dute hurrengo hitzordua eta Valentziako (Herrialde Katalanak) Antorcha taldea izango dute aurkari Orion bertan; Antorcha egun hirugarren postuan sailkatuta dago sailkapen nagusian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide