Nikolas Zendoiak (eskuinean)Basarri. Hitza eta itzala hitzaldian hartuko du parte; Joxe Mari Irindok (ezkerrean) kazetari bezala aztertuko du.
Iñaki Eizmendi
Basarri (Errezil 1913-Zarautz 1999) jaio zela ehun urte beteko dira azaroaren 27an. Hori dela eta, idazle, kazetari, euskaltzain eta bertsolariaren lana gogoratu nahian, Zarauzko Kultura Sailak eta Motxian Bertso Eskolak urte osorako egitaraua prestatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea eta Zarautz Abesbatzaren laguntzarekin. Mendeurreneko jarduerei bihar emango diete hasiera, Pello Esnalen eta Nikolas Zendoiaren
Basarri.
Hitza eta itzala hitzaldiarekin. Saioa Sanz Enea kultur etxean izango da, 19:00etatik aurrera.
«Planteamendu orokor bat egin nahiko genuke, haren argiak eta itzalak ikusteko», azaldu du Pello Esnalek. «Bestela ez dugu ezer aurreratuko. Urtea pasatuko da, eta Basarriz irudi bera izaten jarraituko dugu», gaineratu du. «Berari buruz halako irudi bat dugu eginda, eta haren ingurukoak behin eta berriro errepikatuz gero, topiko bihurtzen dira».
Beraz, hitzaldiak topiko horietatik pixka bat aldendu nahi du. Hori horrela, «jendeari aurkeztuko diegu nola ikusten ditugun. Ez gure azalpenak egiteko bakarrik, baizik eta entzule bakoitzak bere gain har ditzan galdera hauek, eta kontuan izan ditzan urtean zehar», zehaztu du Esnalek.
«Beste askok bezala, garai hartan eredutzat jotzen genuen», dio Nikolas Zendoiak: «Hizketarako eta euskarako ahalegin handia egin zuen, eta guk hori ezagutzeko zortea izan genuen. Hori oinarritzat hartzeko zerbait dela uste dut». Dena dela, ez du gehiegi aurreratu nahi izan zer kontatuko duen: «Basarri ezagutu nuen uneak ekarriko ditut. Bere amarekin hasiko naiz, agian, baina ez dakit non bukatuko dudan».
Basarriren proiektua
Oro har, Basarriren «proiektuaz» ariko dira hitzaldian; hau da, zertan aritu zen. Esnalen esanetan, «Basarri bera bakarrik hartuta ezin da ulertu. Mugimendu baten barruan leku oso garrantzitsua izan zuen. Baina proiektu bat zegoen horren azpian, eta proiektu hori ez zen berea bakarrik, baizik eta gizarte osoarena. Mugimendu horren barruan leku bat hartu zuen, rol bat bete zuen, eta bai bertsolaritzan, bai kazetaritzat eta irratian, garatu egin zuen proiektu hori».
Bi hizlariek gertutik ezagutu zuten Basarri izango dute abiapuntu. Dena dela, ahalegina egingo dute «azpian dagoen mugimendu osora» iristen. «Azken batean, 80 urte atzera egingo dugu. Orduan, duela 80 urte, zer egin zuten haiek? Eta haiek egindakoa gaur egun non dago? Haien gainean ari gara eraikitzen ala ez?», galdera horiek plazaratuz, hausnarketako bidea emango dutela aditzera ema du Esnalek.
Maiatzeko ekitaldiak
Basarri. Hitza eta itzala hitzaldiarekin hasiko dira mendeurreneko ospakizunak, eta azaroa bitartean askotariko ekimenak izango dira. Maiatzean, esaterako, beste hiru jarduera antolatu dituzte: Txinpirin eta Zarautz Txiki abesbatzen saioa, igande honetarako;
Gu ere bertsotan ekimena, hilaren 15erako; eta Joxe Mari Iriondoren
Basarriren kazetaritza lana hitzaldia, hilaren 16rako.