Birziklatzearen aldeko apustua edukiontzien bidez egingo da Azpeitian.
Azpeitian ez da atez ateko hondakinen bilketa ezarriko, gaur egungo edukiontzien sistemarekin jarraitzea erabaki du Azpeitiko Udalak plenoan, aho batez. Baina, sortzen den hondakinen %70 birziklatzeko tasa lortzeko helburuarekin, gaika birziklatzea kontrolatuko duen edukiontzien sistema jarriko dute martxan, "auzo-konpostaren gisa, kontrol komunitario bitartez edota teknologia berriek eskaintzen dituzten kontrol digitalen bidez". Udala osatzen duten Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek hondakinen bilketari buruzko proposamen bat adostu dute eta hori da atzoko plenoan onartu zutena.
Adostutako proposamenak hala dio, hitzez hitz:
"Hondakinen gaian Azpeitiko udal alderdiek akordio zabala bilatzeko elkarrizketetan, ondoko proposamen orokorrera iritsi dira. Alderdiok birziklatzearen aldeko apustua egitea erabaki dugu, ondoko ildo nagusiaren arabera osatuko den hondakinen kudeaketa abian jartzeko:
1. Ahalik eta birziklatze tasa handiena ahalbidetuko duen bilketa sistema diseinatu eta ezarri nahi dugu Azpeitian. Sistemak birziklatze tasak neurtu eta hobetu beharko ditu etengabe, ahalik eta portzentaia handiena lortzeko helburuarekin.
2. Helburua lortzeko, gaur egun indarrean dugun edukiontzien sisteman oinarrituko da Azpeitiko Udala. Horrela, gaika birziklatzea kontrolatuko duen edukiontzien sistema martxan jarriko da, bai auzo-konpostaren gisa, kontrol komunitario bitartez edo bai teknologia berriek eskaintzen dituzten kontrol digitalen bidez. Gainera, auzo bakoitzari hobekien egokitzen zaion sistema abian jarriz.
3. Sistema ezartzeko Azpeitiko Udalak eragile nahiz herritarren arteko elkarlana eta parte hartzea bultzatuko du.
4. Hondakinak murriztu, berrerabili eta ahal den birziklatze maila altuenak lortzeko saiakera egin nahi dugu. Azpeitiko Udalak bereziki landuko ditu prebentzioan eta berrerabilpenean oinarritutako politikak.
5. Edozein kasutan herritarrek horrela eskatzen badute herri kontsulta egingo da, Udalak onartuta duen parte-hartze ordenantzaren ildotik.
Proposamen orokor honen onarpenak, edukiontzien gaikako bilketa sistema amaiera arte eramateko asmoa adierazten du, denok birziklatu beharra izango dugu edukiontziekin, eta beraz gure legealdian atez atekoa deritzona ez ezartzea suposatuko du. Ziur gaude, kontsentsu honekin eta azpeitiarren laguntzarekin, Azpeitiko sistema bilketa berriak emaitza ezinhobeak emango dituela eta %70a gaindituko duela".