Ekhiñe Eizagirreren aldeko manifestazioa, gaur. Amaia Ventas
Dozenaka herritarrek manifestazio egin dute gaur arratsaldean Ekhiñe Eizagirre zarauztarraren atxiloketa salatu eta aska dezatela eskatuz. Aurretik asanblada informatiboa egin dute Musika Plazan, eta Sortuko kideek «babesa eta elkartasuna» agertu diete Eizagirreren senitarteko zein lagunei, eta herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte, «bakearen eta konponbidearen prozesua sendotu eta egonkortu dadin pausoak emateko». "Ekhiñek bere azalean bizi izan duen eta bizitzen ari den errepresioa estatuen blokeo estrategiaren tresna nagusietako bat da. Honen aurrean, marko demokratikoaren mesedetan arituko den jendarte metaketa zabala behar du herri honek", adierazi dute. "Aro politiko berri batean murgildurik gaude eta jokoan dagoena herri honen gehiengoaren borondatea bururaino eramatea da, hau da, herri izan eta herri gisara erabakitzea".
Agerraldi masiboa dira egitekoak bihar udaletxe aurrean, 19:30etik aurrera. Ondoren burrunbada hasiko dute.
Ostegunean, berriz, hainbat eragilerekin biltzekoak dira, «politikoak, sindikalak eta sozialak», egoeraren diagnosi komuna egin eta larunbateko ekimena zehazteko. Eta ostiralean, manifestazioa egingo dute, 20:00etan.
Manifestazioaren aurretik asanblada informatiboa egin dute herritarrek, Musika Plazan. Amaia Ventas